Garbialdik Osakidetzan aurrera eramaten dituen “politika errepresiboak” salatu dituzte LAB eta ESK sindikatuek
Elkarretaratzea egin dute Txagorritxu ospitalaren barruan.
LAB eta ESK sindikatuek protesta egin dute Txagorritxu ospitalean bertako “politika errepresiboak” salatzeko: “Osakidetzak finantzatzen dituen eta Garbialdi enpresak ere aurrera eramaten dituen politikak dira” salatu dute ospitale barruan.
Gogoratu dutenez, ospitale honetan garbiketa lanak egiten dituen lantaldeak urteak daramatza enpresaren “bidegabekeria” pairatzen. “Garbialdiko erdi-mailako agintariek langileen lan kargak handitzen edo txikitzen dituzte, langilearen afinitatearen arabera. Batzuetan, inolako azalpenik eman gabe, haien lanpostuak aldatzen dituzte”, gaitzetsi dute.
Egoera honek langileen eskubideen aurkako eraso zuzena suposatzen duela uste dute bi sindikatuek, Garbialdiko agintarien arbitrariotasunaren menpe dauden bitartean, haien lanpostura joatea erabateko gurutze-bide baten bihurtzen delarik.
Horretaz gain, jarrera hauek Garbialdiko zuzendaritzaren bermea ez ezik, Arabako ESIaren zuzendaritzaren bermea ere badaukatela uste dute.
Amaitzeko, LAB eta ESK sindikatuek Arabako ESIaren zuzendaritzari gatazka honetan eragin dezala eskatu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!