Garaipen txiki bat martxoaren 3aren memorian: hamar urte bete ditu 1976ko sarraskian hildakoen omenezko “Arrazoiaren indarra” eskulturak
Eskultura sinbolismo handikoa da, ez soilik martxoaren 3ari egiten dizkion erreferentzia zuzenengatik, baita hura jartzeak izan zuen esanahiagatik ere. Elizak informazio panelak bi aldiz kendu zizkien eta, azkenean, garaiko PPko udal gobernuaren babesa lortu zuten. Lehen aldiz, gainera, Gasteizko, Basauriko eta Tarragonako hildakoen senideak elkartu ziren eskultura jarri zen egunean.
2013ko azaroaren 16an jarri zuten Zaramagan martxoaren 3an hildakoen omenezko eskultura. “Arrazoiaren indarra” du izena eta Iñigo Arregi artista arrasatearraren obra da. “Oroimena, Egia eta Justizia” hitzak idatzita ditu plaka batean, eta 1976ko martxoaren 3ko sarraskiari buruzko informazio panel bat. Gainera, Gasteizen hildako bost langileen irudi eta izenak ere idatzi zituzten eskulturaren aldamenean (Pedro Maria Mtz. Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso, José Castillo eta Bienvenido Pereda), baita Basauri eta Tarragonako protestetan hildako Vicente Antón eta Juan Gabriel Rodrigorenak ere.
Eskultura sinbolismo handikoa da, ez soilik martxoaren 3ari egiten dizkion erreferentzia zuzenengatik, baita hura jartzeak izan zuen esanahiagatik ere.
Lander Garcia Martxoaren 3ko elkarteko kideak azaldu dio Hala Bediri eskulturaren historia. Azpimarratu du, besteak beste, eskultura hori jartzea lortu izana “ez zela zerutik erori”, prozesu luzea izan zela, “ondo adierazten duena zer garaipen txiki egon diren martxoaren 3ko memoriaren historian”.
Aurrekariak: 2011tik panelak jartzeko saiakerak
“Arrazoiaren indarra” 2013an jarri zen, baina bi urte lehenago, 2011ko Zaramagako jaietan, auzoko jendeak eta M3 elkarteak panelak jarri zituzten Zaramagako Elizan. Martxoaren 3ko sarraskian eta ondorengo protestetan eraildako 7 lagunen izenak, aurpegiak eta jazotakoari buruko informazioa idatzi zuten panel horietan.
Aurretik 1984an klandestinoki jarritako monolitoa ere bazegoen, noski. M3ko elkarteak uste zuen, baina, monolitoak bere funtzioa betetzen bazuen ere, azalpen gehiago behar zirela hurbiltzen zen jendeak 1976ko gertakariak ezagutu eta ulertzeko.
Baina Elizak ez zuen informazio panelik nahi
Gauzak horrela, 2011ko irailean jarri zituzten informazio panelak auzokideekin batera. Hilabete gutxi iraun zuten ordea, 2012a hastearekin batera Elizak kenduarazi egin zituelako.
Ez zuten etsi eta 2012ko irailean Zaramagako jaietan berriro jarri zituzten. Eliza ere tematu egin zen eta bigarrenez kenduarazi zituen.
Erakunde publikoek bermatu behar zuten
Tira-bira hori ez zen emankorra eta estrategia aldatu zuen elkarteak: “Ezin ginen horrela ibili eta egin genuen hausnarketa zera zen, Udalak bermatu behar duela monolito bat, espazio bat, zerbait azalpen testu batekin, argazkiekin…” azaldu digu Garciak.
Garaipen txiki bat azkenean: PPko udal gobernuaren babesa lortu zutenekoa
Proposamena eraman zuten, beraz, Gasteizko Udalera: informazio panelak jarri beharra zegoen Zaramagako Elizaren inguruko espazio publikoan 1976ko sarraskia azalduz eta, Gasteizko bostez gain, Basauriko eta Tarragonako hildakoak ere agertu behar zuten.
Garai horretan Alderdi Popularreko Javier Maroto zen alkatea. Haren deklarazio eta kanpaina arrazistak gogoratzen ditugu, batez ere, gasteiztarrok.
Harrigarria badirudi ere, lortu egin zuten udalak babestea eta bermatzea eremu publikoan horrelako elementu bat, martxoaren 3ko elkarteak nahi zituen edukiekin. “Inportanteena zera da”, dio Lander Garciak, “eskulturan agertzen den testua Martxoak 3 elkarteak idatzi zuela, eta hori ere lorpena da”.
Urte horietan baldintzak jarri ziren aurrerago etorriko ziren borrokak egin ahal izateko. Horixe da Martxoaren 3ko memoria elkarteak egiten duen irakurketa. Azken batean, Alderdi Popularreko gobernu bati onartuarazi zioten haien panel eta edukiak jartzea.
Gainera, urte horren Zaramagako eraikin batean dagoen martxoaren 3ko mural handia ere egin zuten. Oro har, elkarteak “salto kualitatiboa” eman zuela uste dute, eta urte garrantzitsua izan zela.
Gasteiz, Basauri eta Tarragonan eraildakoen senideak elkartu ziren lehen aldiz
Ez zen izan garaipen bakarra, ordea. Lander Garciak hunkituta kontatu digu Gasteizko hildakoen senideak eta Tarragona eta Basaurikoak lehen aldiz elkartu zirela panelak inauguratu ziren ekitaldi hartan.
Hamar urteko perspektibarekin begiratuta oso garai interesgarria izan zela uste du Lander Garciak, “ikusi zelako urte askotako borrokak ematen dituela garaipen txikiak ere. Orain ezagutzen dugun eremu publikoan dagoen martxoaren 3ko iruditeria guztia (muralak, monolitoak…) ez dira bakarrik agertzen, hainbat eta hainbat urteetako lanaren ondorioz baizik. Ez da inondik ere kontraesankorra erakundeekin elkarlana gure minimoak bermatzen badira. Adibidez hau, PPko alkate batekin lortu zela hori jartzea eta izan zela jarritako baldintzei esker”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!