Euskaraldiaren testuingurua baliatuko dute hainbat eragilek euskal hiztunen zapalkuntza, desioak eta aldarriak aztertzeko
Zizta Euskara Taldeak, Askapenak, Gasteizko Ernaik, Olarizuko Gazte Asanbladak, Judimendiko Gazte Asanbladak eta Trikuharri Gazte Asanbladak dozena bat hitzaldi, eztabaida, mahainguru eta kontzertu antolatu dituzte azaroaren 21etik abenduaren 1era Gasteizko gune ezberdinetan.
Azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herria osoan hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa kolektibo zabala burutuko dute milaka herritarrek: Euskaraldia.
Testuinguru honetan, Gasteizko Herri Mugimenduko hainbat eragilek indarrak batu dituzte, “euskal hiztunongan gorpuzten diren zapalkuntza, desio, zalantza, aldarri, eztabaida eta diskurtsoak landu eta zabaltzeko asmoz”.
Hori dela eta, Zizta Euskara Taldeak, Askapenak, Gasteizko Ernaik, Olarizuko Gazte Asanbladak, Judimendiko Gazte Asanbladak eta Trikuharri Gazte Asanbladak hurrengo asteetarako egitarau zabala planteatu dute Belarri eta aho izateaz gain, Ukabilak ere bagara lelopean.
Azaroaren 21ean, Komunikazioa eta euskara aztertuko dute SUmendi Gazte espazioan: 18:00etan Zergatik komunikatzen dugu euskaraz? izeneko mahaingurua tokiko hedabideekin eta 19:00etan Bakarrik euskaraz? izena jarri dioten eztabaida.
Azaroaren 24an hiru plan antolatu dituzte: 18:00etan Gazteon ibilbideak euskararen territorioetan barrena izenako mahaingurua Joxemi tabernan (Txagorritxu), 19:30ean Freestyle tailerra emakumeentzat* eta 21:00etan Poteo-Hopa San Martingo skate-parketik abiatuta.
Azaroaren 28an Garraxi tabernan burtuko dira ekintza guztiak: 18:00etan Euskalgintza XXI.mendean mahaingurua, 19:00etan Euskara eta militantzia eztabaida eta 20:30ean Peru Tximaluzeren Onomastikoa kontzertua.
Azaroaren 29an, Adurtzako auzo elkartean Euskararen erronkak Osakidetzan: ibilbidea, politika ofizialak eta aurrerapausoak hitzaldia 18:00etan.
Amaitzeko, abenduaren 1ean, hiru ekimen ezberdin egongo dira: 12:00etan Oihaneder Euskararen Etxean Euskal hiztunon zapalkuntza antzerki-dinamika* burutuko dute; 14:30ean, herri bazkaria*; eta 18:00etan ‘Hizkuntza zapalduen iraupena kapitalaren Europan hitzaldia Aldabe gizarte-etxean.
*Izena emateko emaila ziztaeuskarataldea@gmail.com izango da.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!