Euskal Herriko Mugimendu Feministak mobilizazioak iragarri ditu azaroaren 25erako
Gasteizen Iparralde Gizarte Etxetik aterako da arratsaldeko 19:00etan. Indarkeria matxistarik gabeko bizitza lortzeko, autodefentsa feminista antolatua aldarrikatuko dute.
Emakumeen kontrako idarkeriaren eguna da azaroaren 25a eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak kalera ateratzeko deia egin du aurten ere. Mobilizazioak iragarri dituzte Euskal Herriko hiri, herri eta eskualdeetan, indarkeria matxistarik gabeko bizitza eta autodefentsa feminista antolatua aldarrikatzeko. Gasteizen arratsaldeko 19:00etan hasiko da manifestazioa, Iparraldetik. Emakume, trans eta bollera guztiei luzatu diete bertaratzeko deia.
“Minduta, nazkatuta eta amorruak ematen duen indarrarekin” iritsi da Mugimendu Feminista azaroaren 25 honetara, “biolentzia izugarria” izan baita azken urtean. Bost emakume erail dituzte Euskal Herrian, eta hamaika izan dira LGTBIQ+ kolektiboaren aurkako erasoak zein genero identitateagatik ematen diren bazterketak.
Politika feministak eta baliabide pedagogikoak
Indarkeria matxistarik gabeko bizitza bermatzeko eragile sozial, politiko eta instituzional guztien konpromisoa exijitu du Mugimendu Feministak. Horretarako, oinarrizkotzat dute erakunde publikoek “politika feministak” eta “prebentzioan sakontzeko baliabide pedagogikoak” lantzeko “neurri eraginkorrak” hartzea.
Beharrezkotzat dute, halaber, “autodefentsa feminista antolatu baten aldeko aldarria berhartzea”, indarkeriari “modu indibidual eta kolektiboan aurre egiteko”. Zentzu horretan, “kaleak hartzeko” eta “boteretze kolektiboaren aldeko” hautua egin dute.
Gorbeialdeako neska* gazteen plangintza
Gorbeialdeako neska* gazteek ere egin dute azaroaren 25erako plangintza. Tailerrak, pankarta kedadak eta proiekzioak egingo dituzte azaroko bigarren hamabostaldian, eta ekimenak egun osoan zehar azaroaren 25ean.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!