Euskal Herrian Euskaraz: ezin dugu Hezkuntza Legea onartu
"Euskararen berreskurapen-prozesuaren bidegurutzean, inflexio-puntuan, gauden honetan, beherakadari begira jartzen gaitu, ditugun egiturazko arazoak indartu eta itoginak larriagotzera", adierazi du kolektibo euskaltzaleak.
EAEko hezkuntza legearen aurreproiektua aurkeztu zenetik, hezkuntza-sistemaren inguruko eztabaida bizi-bizi ibili da gurean. Euskal Herrian Euskaraz taldeak elkarretaratzea egin zuen asteartean Gasteizko Legebiltzarrean, besteak beste, lege horrek ez duelako hezkuntza euskalduntzea bermatuko.
Hezkuntza Legea dela eta alderdiek egindakoadierazpen eta zuzenketek “kezka areagotu besterik ez” dutela egin uste du EHEk, eta bizkarra eman zaiela euskalgintzatik egindako aldarriei. Oro har, legearen zehaztapen prozesua “zehazgabea eta anbiguoa” izan dela deritze, eta eredu hori “EAJ eta PSEren artean adostu eta azken unean aurkeztutako zuzenketekin” iritsi dela puntu makurrenera.
“Euskaraz mintzatzeko, irakurtzeko eta idazteko gaitasuna milaka ikasleri ukatu dien eta ukatzen jarraitzen dien hizkuntza-ereduen sistemari segida ematea” dela uste du kolektibo euskaltzaleak lege berria. Gainera, “ez du erantzunik ematen” euskalduntzea lortzeko ezinbestekoak diren beste arloetan (euskal kultur transmisioa, hezkuntza ez arautua eta aisialdia, hizkuntzaren estimulazio goiztiarra…).
Horregatik, alderdi politikoei, aurreikusitako arau honen tramitazio-prozesua eten eta sakoneko aldaketa bat planteatu ezean, lege honi ezezko borobila emateko exijitu diete. Bestalde, euskalgintzari eta hezkuntza eragileei dei egiten diete erantzun “bateratu zabal eta irmoa” ematera.
“Ikasle guztiak euskaldunduko dituen hezkuntza eredua behar dugu. Guztiei euskara ganoraz mintzatu, idatzi eta irakurtzeko eskubidea bermatuko diena eta euskal kulturarekiko ezagutza eta atxikimendua bultzatuko dituena. Horregatik, EHEtik lege honi planto egiten diogu eta gainontzeko eragileei ere horretarako deia luzatzen diegu”, borobildu dute hitzartzea.
Gogorarazi dute Euskalgintzaren Kontseiluak akordio zabala ehundu duela euskalgintzako eta hezkuntzako eragile gehienekin zein gehiengo sindikalarekin batera, hiru ardatz nagusiren baitan:
- Euskara ikas- eta irakats-hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa.
- Euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma.
- Hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.
Argazkiak: EHE
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!