Euskal Errepublikaren alde Gasteizko Parlamentua inguratzeko deia egin du EHUN mugimenduak
"Krisiak gure bizitzetatik erausteko tresna Euskal Errepublika dela" aldarrikatzeko, urriaren 22an Gasteizko Parlamentua inguratuko dute. EHUN mugimendua da ekimenaren sustatzailea
“Autonomismoak eta sistema ekonomiko honek beti etorkizun okerrago bat hitzematen digute, beti okerragoa den etorkizun hurbil bat zerumugan” azaldu dute EHUN Mugimenduko kideek gaur goizean Gasteizen egindako agerraldian. Espainiako 78 erregimenak, zein bere monarkiak eta marko autonomikoak Euskal Herritarrak “hondoratze jarraitu” batera bultzatzen dituztela gaineratu dute.
EHUN Mugimenduak Euskal Herriaren burujabetza aldarrikatu du, Euskal Herriak herri gisa dituen erronkei aurre egiteko; izan enpleguan, hizkuntzan, hezkuntzan, energian, zaintzan edota pentsioetan besteak beste: “Autonomiak ala Errepublika, hondoratze jarraitua ala bizitza duina”.
Gasteizko Parlamentua inguratzeko deia
Bide horretan, datorren urriaren 22, eguerdiko 12:00etan, Gasteizko parlamentua inguratzeko deia zabaldu du EHUN Mugimenduak, Euskal Errepublikaren aldeko aldarria zabaltzeko: “Errepublika propio bat da krisiak gure bizitzetatik erausteko tresna”.
Iaz aurkeztu zuten Euskal Errepublikaren aldeko EHUN ekimena Donostiako Antiguo auzoan, “euskal herritarron egunerokoan eragin zuzena duten auziak mahai gainean jartzea helburu”. Urte beteko ibilbidean hainbat ekimen eta dinamika jarri dituzte martxan, tartean, otsailaren 15ean Euskal Herriko hainbat herritan antolatu ziren “Euskal Errepublikaren aldeko egunak”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!