“Etxeko langile gisa nituen eskubideez jabetzen lagundu dit feminismoak”
Joana Elisabet Muñoz Castillo Ekuadorren jaio zen eta 18 urterekin emigratu behar izan zuen. Gaur egun Amurrion bizi da. through Aiaraldea.eus
Euskaraz duela gutxi hasi zinen ikasten, zergatik?
Hamazortzi urterekin etorri nintzen, lanera. Etxeko langile hasi nintzen, egun emakume etorkinak gara eremu horretan gehiengoa. Hortik gutxika-gutxika, interes asko nituen eta haurrak zaintzen hasi nintzen, konturatu nintzen gustuko nuela. Goi mailako gradu bat egin nahi izan nuen, baina horretarako ikasketak baliozkotu behar nituen. Prozesu hori oso luzea da, jatorrizko herrian ikasketen agiria eskatu behar da, hona iritsi eta hemen balekoa eman… denbora asko pasatzen da. Baina azkenean lortu nuen eta Haur Hezkuntzan Goi Mailako Gradua egin nuen.
Gauza da etxe langilea izanda ez duzula bertako jendearekin harreman askorik, ordu asko egiten nituen lan eta libre ematen zidaten denbora apurra ikasketetarako erabiltzen nuen. Hor konturatu nintzen, praktiketan nengoela, hemen jendeak beste hizkuntza bat hitz egiten duela. Komentatu zidaten zailtasunak izango nituela euskara gabe haur hezkuntzan lan egiteko, hemen euskara gabe ezin baita haur eskola batean lan egin. Ea ingelesa nekien galdetu zidaten, baina kontua da Ekuadorren politika kontuak direla eta ingelesa betatua zegoela Estatu Batuen kontra zeudelako, garaian hizkuntza hori ikasten dutenak kolonizatzen zirela pentsatzen zen, hortaz, ingelesik ere ez dakit. Gaztelara dakit eta justu-justu.
“Behartutako zerbait iruditzen zitzaidan euskara ikastea, harik eta Amin Maalouf-en Identidades asesinas liburua irakurri nuen arte”
Bide hori hor uztea erabaki nuen. Bizitzak buelta asko ematen ditu eta tabernan hasi nintzen lanean. Baina jankin-min handia nuen eta nire gustuko zerbait egin nahi nuen, orduan Gizarte Hezkuntzan eman nuen izena. Hor ere, ordea, berdina esan zidaten, euskara gabe ezingo nuela lan egin. Nik etorritako pertsonekin egin nahi dut lan ordea. Horiek ez dakite euskaraz… baina diru-laguntzak euskaraz dira… Momentu horretan behartutako zerbait iruditzen zitzaidan. Gainera, nire inguruan, Bilbon mugitzen nintzen esparruetan, inork ez zidan euskaraz hitz egiten, hortaz, ez nuen beharrezkoa ikusten. Ez nuen motibazio hori sentitzen. Harik eta Amin Maalouf-en Identidades asesinas liburua irakurri nuen arte. Egileak hizkuntza gutxituez hitz egiten du. Orduan gure hizkuntzarekin konektatzen hasi nintzen, amari galdetu nion: ama, zuk zergatik ez duzu kitxua hitz egiten? “Beno, garai hartan, badakizu…” hasi zitzaidan. Ekuadorren toki askotatik ibilia naiz, kitxua hitz egiten da, baina oso toki gutxitan, eskualde zehatzetako tokiko pertsonek soilik egiten dute. Pena ematen dit, baina orain esan dezaket euskara gehiago dakidala kitxua baino. Bizpahiru hitz dakizkit, gehiago ez. Ikusi dut euskaraz eta kitxuaz badaudela esanahi bera duten hitzak, benetan kuriosoa!
Beraz, orduan hasi zitzaidan ikasteko gogoa, ez zen lanagatik izan, erronka handia baita eta ez nuen horrelako inbertsioa egin nahi lan kontu bategatik, niretzat ikasi nahi nuen. Kitxua ezin dut berreskuratu, baina euskara bai, berreskuratu behar den hizkuntza bat dela uste dut, esan nahi duen guztiagatik. Orduan hasi nintzen euskara ikasten.
“Pena ematen dit, baina orain esan dezaket euskara gehiago dakidala kitxua baino”
Erraza al da euskara ikasteko prozesua?
Nire iritziz, nire ikuspegi laburrean, euskaltegia oso hotza da. Ikasketa ereduan egia da mintza praktikak daudela, baina ez da sartzen euskarak dakarren kultura guztia. Oso garestia da gainera, egia da udalak dirua bueltatzen dizula, baina horretarako eskolen % 80ra agertu beharra dago, edozein gauzagatik ezin bazara agertu zaila da hori betetzea. Nik, adibidez, banekien ez zidatela dirua itzuliko, ezin bainintzen beti agertu, goiz, arratsalde eta gau egiten baitut lan, niregatik egin nuen inbertsio hori, banekien 560€ horiek ez zizkidatela itzuliko. Horregatik, garestia dela iruditzen zait, ez zait iruditzen motibazio bat dagoenik. Bai, EPAn apuntatu zaitezke, baina ordutegiak ez dira batere onak, eta maila apur bat hartzen duzunean oso geldo doa. Ez dakit, aurten AEKn izena eman nahi nuen baina oso ordutegi eskasak daude, hasierako maila behar nuen nik eta Amurrion eta Laudion ez dago, Bilbon bi euskaltegitan soilik.
Euskara asko gustatzen zait, gero eta gehiago ikasten ari naiz, nondik datorren, abestiak oso gustuko ditut: Mikel Urdangarin, Zea Mays, Itoitz… ez dakit zer esaten duten baina barruraino iristen dira.
Hala ere, zerbait falta dela iruditzen zait. Badaude Berbalagun bezalako taldeak, baina behin bertan parte hartzen saiatu nintzen eta… ez nintzen ezertaz enteratzen! Kontuan hartzen dut nire muga dela, ez naizela euskaraz hitz egitera ausartzen. Talde Feministan hiru saiotan egon naiz, euskaraz direnak, beraiek itzuli izan didate, baina traba bat zarela ematen du, elkarrizketa murrizten dela. Ez dut beti galdetzen ibili nahi, beraiek beti agertzen dira prest laguntzeko, itzultzeko, baina ez da erraza. Nire mailan jarraitu behar dut denbora batez gero errazago komunikatzeko.
“Kitxua berreskuratzeko zerbait egiten saiatzen ari naiz, ez baita hizkuntza bat galtzen, kultura oso bat galtzen da”
Kitxuaren inguruan aritu zara…
Euskal Herriak eta Ekuadorrek komunean dugun zerbait dela uste dut. Kolonialismoak hizkuntza bat ezarri zuen Ekuadorren. Kasu horretan gaztelera inposatu ziguten eta egun %99k hitz egiten du, eskolan irakasten digute. Orain dela oso gutxi, 2004an hasi zen hizkuntza gutxituei daukaten balioa ematen, Ekuadorren 14 hizkuntza dauden hitz egiten direnak, baina batzuk oso gutxi erabiltzen dira. Onartuak dauden hizkuntzak gaztelera, derrigorrezko hizkuntza dena, kitxua eta xoar dira. Xoar Amazonian hitz egiten da batez ere, kitxua, berriz, gehiago hitz egiten dena da, Amazonian eta mendialdean.
Ez dakit nola izango zen prozesua hemen, han oso jende gutxik hitz egiten zuen eta ez zen hemen egin izan den esfortzua egin. Hemen derrigorrezkoa da administrazioko gai guztietarako, muga bat ere baden arren. Ekuadorren, adibidez, nire birraitonek eta birramonek ez zuten hitz egiten, eta hori oso herri txikikoak zirela. Bihotzetik esanda, arrazakeria zantzuak ere bazeuden gure artean kitxua hitz egiten zutenekiko.
Kitxua eta ketxua ez dira gauza bera, ketxua hegoameriketan hitz egiten den hizkuntza da eta kitxua horren aldaera bat da. Ekuadorren itzultzen saiatu ziren, Batikanoko apaiz batzuk kitxua idazten saiatu ziren, alfabetoa ateratzen ahalegindu ziren, modu asko daude idazteko, q-rekin, k-rekin… gure hizkuntza zatitzeko inposizio bat izan zen eta lortu zuten. Orain hainbat mugimendu daude hizkuntza berreskuratzen ari direnak, gutxika-gutxika, nekazari eta indigenei esker, berriz hitz egin dezagun borrokan ari direnak. Espero dut lortzea, benetan.
“Gure familian eta gertukoengan gehien eragin zuena eta prozesu migratzailea ekarri zuena txanpon aldaketa izan zen, gure moneta sukrea zen eta amerikar dolarra jarri zuten”
Nik, egia esan, oso hitz gutxi dakizkit, baina nire jakin-minagatik. Eskolan ez da irakasten, ez da hemen bezala, eskolan behintzat irakasten dela, nahiz eta A ereduan egon ikasgai bat baduzu. Han ez, ez enborrezkoa ez hautazko ikasgaia, baztertua egon da. Nik dakidana neure kabuz ikasi dut.
Hemen, Urduñan, herrikideak ditut kitxua hitz egiten den zonalde batekoak, Otabalokoak, eta batzuetan hitzak galdetzen dizkiet, esaten diet: “ikasi nahi dut, erakutsi”. Berreskuratzeko zerbait egiten saiatzen ari naiz, ez baita hizkuntza bat galtzen, kultura oso bat galtzen da. Hitz asko daude gaztelerazko esanahiaren bestelakoak direnak, baina ahaztu egiten dituzu eta gainera eskolan esaten dizute ez direla horrela esaten. Hemen, gutxienez, euskara ez badakizu ere zenbait hitz erabiltzen dira: kaixo, agur, zelan? Ekuadorren ez, guztiz baztertua dago, areago, analfabetismo zantzuak ere badaude. Amak badakizki hitz batzuk, aitak baino gehiago.
2002an etorri zinen, zergatik? Nola iritsi zinen Amurriora?
Ekuadorren 1999tik 2006ra gora behera asko egon ziren. Krisi politiko eta ekonomiko bat izan zen, ezegonkortasun handia, 3-4 presidente izan ziren epe horretan. Gure familian eta gertukoengan gehien eragin zuena eta prozesu migratzailea ekarri zuena txanpon aldaketa izan zen, gure moneta sukrea zen eta amerikar dolarra jarri zuten, egungo txanpona ere hori da. Bankuetan dirua izoztu zuten, Argentinako korralitoaren antzeko zerbait izan zen. Egoera hori zegoen alde batetik eta, bestetik, nire gurasoak oso mugituak dira, han ere asko mugitu ginen. Berez, mendialdekoak gara, baina Amazonia aldera mugitu ginen kakaoaren gorakada etorri zenean, zortzi urte egin genituen bertan.
Hortik beste hiri batera alde egin genuen, hamar urtez bizi izan ginen bertan. Aitak lana galdu zuenean, berea zen etxean sartzen zen diru bakarra, egoera okertu zen. Gurasoen ilusio handiena guk ikastea zen, guretzat presio bat ere bazena, familiako lehen emakumea izatea karrera bat ikasten zuena. Aita etorri zen lehena, Madrilera bertan lagun bat baitzeukan, bere asmoa urte bete edo geratzea zen, hemen lan egin eta Ekuadorrera itzuli eta bertan negozio bat jartzea. Ni ikasketak egiten ari nintzen, karrerako lehen urtea, baina berak ezin zuen ordaintzen jarraitu, orduan, aitak beste zerbaitetan lan egin beharra zuen guztiari aurre egiteko, Ekuadorreko petroleretan geratu edo Madrilera joan, eta Madrila etorri zen. Aurreko laneko dirua bidaian inbertitu zuen,eraikuntzan aritu zen, baina zaila zen berarentzat, murrizketa asko zeuden… Berarentzat ez omen zegoen lanik, zerbait bai, baina aitak ez zuen paperik eta zailtasunak zeuden.
“Nire bikotea Portugaletekoa da, baina Amurrion egiten zuen lan eta elkarrekin bizitzea erabaki genuenean esan nion nahiago nuela herri batean bizi hirian baino, eta hemen gaude duela bost urte”
Emakumeentzat ba omen zegoen lana, eta etortzeko esan zidan. Erabaki asko hartu behar ziren, ama etorri eta gu geratu, ni joan… Gu beti ibili izan gara elkarrekin, lana non familia han. Azkenean hirurak etorri ginen, mailegu bat eskatu eta Madrilera joan ginen ama, ahizpa eta hirurok. Ahizpak 17 urte zituen eta nik 18. Madrilen lanean hasi behar ginen, baina amak ezagun bat zuen Bilbon eta bertara joateko esan zigun, lana bazegoela. Egia esan pozten naiz, Madril ez baitzitzaidan gustatu. Hiri oso handia da, garraioa urruti genuen. Ez dut orokortu nahi, baina ez zen ordura arte bizi izan ginen tokia bezalakoa. Bilbon lanean eta ikasten hasi ginen, ondoren Amurriora etorri nintzen, nire bikotea Portugaletekoa da, baina Amurrion egiten zuen lan eta elkarrekin bizitzea erabaki genuenean esan nion nahiago nuela herri batean bizi hirian baino, eta hemen gaude duela bost urte.
Urte askoz zaintzaile lan egin duzu. Iragan Greba Feministan zaintzaleen lana erdigunean jarri zen, nolakoa da?
Ez dakit nola hasi ere…egia da aldarrikatzen hasi dela. Ni lanean hasi nintzenean ez zegoen ezta erregimenen espezifikoan ere. Egun bai, eskubide batzuk badituzu, medikura joan zaitezke, adibidez, baina zer gertatzen da zuk zaintzen duzun pertsona hil egiten bada? Edo zure lanik gehiago behar ez badute? Inolako eskubiderik gabe geratzen zara, ez baitaukazu langabeziarako eskubiderik. Beti menpeko izatera behartzen zaitu horrek. Ni etxeko langile hasi nintzenean, jardunaldi oso luzeak nituen, amaigabeak, etxe barneko langile nintzen. Familiarekin duzun zortearen araberakoa da, ez dago legearen arabera neurtua, ez daukazu kontratu zehatz bat salatu dezakezuna.
“Ni etxeko langile hasi nintzenean, jardunaldi oso luzeak nituen, amaigabeak, etxe barneko langile nintzen. Familiarekin duzun zortearen araberakoa da, ez dago legearen arabera neurtua, ez daukazu kontratu zehatz bat salatu dezakezuna”
Erroldarekin gertatzen dena, adibidez, oso larria da, errolda eskubide bat da baina baita betebehar bat. Enplegatzaileak erroldan altan eman behar zaitu, beraien betebeharra da. Askok, ordea, ez dute egiten eta egiten badizute zure soldatatik kentzen dizute. Ezinbestekoa da, erroldatua ez bazaude ez duzulako eskubiderik, ez laguntzak eskatzeko ez ezertarako, ez zara existitzen. Adibidez, etxe barneko egon nintzen etxe batean ez zuten bertan erroldatua egoterik nahi, hortaz, beste etxe batean logela bat alokatu behar nuen, neuk ordaindutakoa, bertan izena eman ahal izateko. Berez behar ez nuen etxea, errolda izateko soilik, erresidentzia agiria izan ahal izateko ezinbestekoa baita, edo osasun txartela eskatzeko, laguntzak…
Nik ez dut DSBEa inoiz eskatu, ez dudalako behar izan. Eskubide egokia da, behar duenak eska dezakeena, nik ez dut behar izan. Paperik ez izateak asko mugatzen zaitu. Lan baldintzak zailak dira, barneko lan egiten duzu, ordutegi baten barruan. Nik bi haur zaintzen nituen, hiru hileko ume bat eta bost urteko beste bat, gehi etxeko lan guztiak egin. Gauerdian, adibidez, umea esnatzen bada nor altxatzen da? Ez da zure lan ordua, baina jaiki egiten zara. Edo astebururen batean haurra gaixotzen bada, nahiz eta jai izan bera zaintzen geratzen zara. Gatazka bat dago, maitasuna diezu zaintzen dituzun pertsonei, xantaia bat bezalakoa da, “umeak zutaz galdetu du etorri mesedez”…
Lan berezia da, baldintzak ez dira egokiak, baina zaintzen dituzun pertsonei txera hartzen diezu eta zaila egiten da lana uztea. Niri asko kostatu zitzaidan familia hori uztea, zaintzen nituenak asko maite nituelako. Mugak jartzen ikasi behar da, horretan lagundu dit mugimendu feministak, gure artean kontzientzia sortzen, gure eskubideak non dauden zehazten, zeintzuk diren genero mandatuak, zergatik onartu dut hori guztia, zergatik egin dut hori, kulpa kentzen ere ikasi behar da… Orduan behar nuen zerbait egin nuen eta kitto. Gure artean babestu behar gara eta zaintzen gaia nola eraiki behar dugun hausnartu, egun oraindik emakumeek egiten duguna, batez ere emakume etorkinek, loturak eta harremanak saretu behar dira. Egia da bertako emakumeak zaintzen eremutik aterata daudela nolabait, nahiz eta ezin den orokortu. Hala ere, batez ere emakumeak gara eremu horretan aritzen garenak. Egiteko modu berriak nola bilatzen diren ikusi behar da. Nire betiko aldarrikapena etxeko lana erregimen espezifikotik ateratzea da, ezin da horrelako gai garrantzitsu bat baldintza hauetan egon, 24 ordutako zaintzak, haurrak zein nagusiak zaintzea, gizarterako hain garrantzitsua dena, jendartearen oinarrian dagoena oso egoera kaskarrean dago, ezin da onartu. Orain gutxi hasi da Lanbide eremu honetan sartzen. Eta erresidentzia agiria baldin baduzu gaitzerdi, baina horrelakorik ez baduzu salduta zaude. Zer egingo duzu, salatu? Ezinezkoa da. Eta nire kasuan, zorionez, hizkuntza badakit, baina zer gertatzen da gaztelera ez dakiten emakume etorkin horiekin? Desabantaila horrekin ere asko jokatzen da.
Noiz jartzen zara harremanetan mugimendu femnistarekin?
Orain dela gutxi, egia esan. Ni gizarte hezkuntza ikasten hasi nintzenean batez ere ongi bizitzea landu izan dut. Amazonian urte luzez bizi izan nintzenez natura, ingurugiroa, gertu izan ditut beti… horrelakoekin askoz lotuagoa ibili izan naiz. Ekofemnismoa ezagutzen ari naiz orain, bikaina! Zoragarria naturarekin dagoen botere harreman hori emakumearekin lotzea. Nik batez ere aniztasun kulturalarekin harreman handiagoa izan dut, gizon zein emakumeekin, kulturen balioa, pertsona bakoitzaren identitatearen eta aniztasunaren balioa, ez dela zerbait estatikoa, guztion artean eraikitzen den gauza bat dela.
Ekuadorren ere migratzailea nintzen, ez bainaiz beti toki berean bizi, noiz bukatzen da nire prozesu migratorioa? Denbora gehiago daramat hemen bizitzen Ekuadorren baino. Nongoa naizen galdetzen didatenean… Gustatzen zait berez galdera… zergatik behar duzu jakin nongoa naizen? Nire hizkeragatik, ezaugarriengatik, kuriosateagatik…jarrera bat hartu behar duzu, toki bat aukeratzen baldin baduzu bandera bat, toki bat defendatzen duzu, ideologia zehatz baten aldekoa zara eta mundukoa zarela esanda, non geratzen da nazio-estatua izaera? Ekuadorrera noanean “hor datoz espainiarrak” esaten digute, ez zaituzte begi berdinekin ikusten, hori ere ez da. Bertako gauza batzuk gure egin ditugu, guk aitari aita deitzen diogu, guk erabaki dugulako, hitza gustatzen zaigulako.
“Indarkeria feminista arazo bat bizi izan genuen oso gertu eta ez nion behar bezala erantzun, ezin izan nion lagundu eta pentsatu nuen zerbait egin behar nuela, egoera latz horretatik zerbait positiboa atera behar nuela”
Indarkeria feminista arazo bat bizi izan genuen oso gertu eta ez nion behar bezala erantzun, ezin izan nion lagundu eta pentsatu nuen zerbait egin behar nuela, egoera latz horretatik zerbait positiboa atera behar nuela, hortaz, master bat egin nuen (Master en intervención en violencia contra las mujeres) eta bertan ezagutu nuen feminismoa. Orain dela oso gutxi, orain dela urte bete, masterrean oso kide indartsuak izan nituen, baita irakasleak ere. Batekin oso harreman estua izan nuen. Ekuadorren lan egindakoa da bera, behetik, ez ikuspegi kolonialista batekin, hau da, kanpoko ikuspegia ezarri nahi izanda. Emakumeak ahaldutzen zituen behetik, bertatik, Europako ikuspegia ezarri gabe. Irakasle horrekin hasi nintzen, Perun zeukan proiektu batean. Orduan hasi nintzen askotariko elkarteekin lanean Basaurin, Algortan, Bilbon… ahal beste babesten eta laguntzen du. Orain, ez nabil zuzenean lanean, baian badago emakumeen talde bat etxe langileen eremu hori lantzen ari direna eta hor esku bat botatzeko gogoa du.
Langabezian nago orain, ostalaritzan ibili izan naiz urtetan, baina utzi egin nuen eta zortea izan dut, gizarte hezitzaile lana lortu baitut. Gogoa neukan Amurrion bertan talde feministan hasteko eta denbora gutxi daramat baina hor nabil, egon naizen apurra oso gustura.
Identitateaz hitz egin duzu, nola eraikitzen da nongotasuna?
Nik uste dut identitatea ezin dela zatitu, zerbait propioa da, zeurea dena, baina baita banatu edo partekatua den zerbait. Abstratutik praktikora joanda, nik nire egunerokoan gauza batzuk ikusten ditut, gastronomian, adibidez. Amazonian bizi izan nintzenean bertako produktuak erabiltzen nituen, yuca, kakaoa… mendialdean bizi ginenean bertakoa direnak, papak, adibidez, eta horiek guztiak nire egunerokoan erabiltzen ditut. Eta orain euskal gastronomia ere txertatu dut, zoragarria dena. Hortaz, nire egunerokoan presente daude produktu horiek: aguakatea, mangoa… Esaten didatenean zerbaitekin geratzeko, zer naizen gehiago, zer dudan gustukoen, ezin dut, ezin dut gauza bat aukeratu, guztiek egin baitute naizena.
Amazonian bizi izan ez banintz ez nuke horrelako pasioa izango naturarekin, mendialdean bizi ez banintz kitxua hizkuntzarekin ez nuke harremanik izango, arreta ematen didana eta aurrera egitea bultzatu, Madrilen bizi izan ez banintz ez nuke jakingo zein ederra den Euskal Herrian bizitzea. Identitatea ez da zerbait estatikoa, egunero harremana izaten dudan pertsonek garatzen dute nire identitatea, Amazonian hainbat bizipen izan nituen, bertan ikasi nuen hitz egiten, gauza zoragarriak bizi izan nituen, animalia ederrak ezagutu, mendialdean ez nituenak bizi, baina guztia nirekin dator. Bai badago nire identitatearen zati bat identitate hori partekatzen duten pertsonekin harremantzen dena, baina gauza horiek guztiek batera osatzen dute nire identitatea, bakarra dena.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!