Hamabost pertsona etxegabetu dituzte Gasteizen, Udaltzaingoa eta Ertzaintza “bortizki” oldartu ostean
Herrandarren kalean kokatuta dagoen eraikinean bizi ziren 15 pertsona etxegabetu zituzten astearte goizean. Bost familia "inongo alternatibarik gabe" kalean geratu direla salatu du Etxebizitza Sindikatuak eta poliziak hainbat lagun atxilotu zituen.
Goizeko 09.00etatik presentzia polizial handia egon zen astearte goizean Herrandarren 15. eraikinaren inguruetan. Etxebizitza Sindikatuak deia egina zuen 10.30etan bertaratzeko, izan ere, 15 pertsona bizi ziren blokeak 10 urte baino gehiago zeramatzan hutsik, eta hustutzeko asmoarekin Ertzaintza eta Udaltzaingoa bertaratu dira.
Kalea moztu zuen Udaltzaingoak jende andanak etxebizitza barruan zeuden bizilagunei babesa adierazi eta etxegabetzea salatzen zuten bitartean eta deitzaileek, sare sozialetan azaldu zutenez, hainbat aldiz kargatu zuen Ertzaintzak eta tentsio momentuak bizi izan dira. Etxe barrukoen aurka ere polizia “bortizki” oldartu dela salatu dute.
Alternatibarik gabe
“Inongo alternatibarik gabe, pertsona horiek kale gorrian geratu daitezkeela” ohartarazi zuten Etxebizitza Sindikatuko kideek etxegabetzea gauzatu baino egun batzuk lehenago, eta hala gertatu da eguna iritsi denean. Arratsaldean jakiarazi zuten familia batentzako etxebizitza alternatiba lortu zutela eta oraindik kalean dauden zazpi pertsonei sindikatuak gaua pasatzeko lekua lortu ziela.
Azaldu dutenez, Etxebizitza Sindikatuko kideek “euren esku zegoen guztia” egin dute etxegabetzea gelditzeko: “Zerbitzu sozialekin jarri gara harremanetan, jabeen abokatuekin negoziazio prozesu bat irekitzeko ahaleginak egin ditugu, eta Udaletxeko alderdi politiko ezberdinekin bildu gara egoeraren berri eman eta soluzioak plateatzeko”.
Ez da nahikoa izan, ordea, kaleratzea gelditzeko. 12:00ak aldera lortu zuten atea irekitzea eta eraikinaren barrura sartzea.
Polizia-kargak eta atxilotuak
Erresistentziarako atearen atzean jarritako altzariak atera ondoren, barruan zeuden 40 lagun inguru kaleratu zituen banan-banan Udaltzaingoak hurrengo Etxebizitza Sindikatuak berak Twitterren zabaldu dituen irudietan ikus daitekeen bezala: “Jendea asfixiatzen ari dira belaunak eta porrak erabiliz”, salatu zuten momentuan bertan.
Udaltzaingoak eta Ertzaintzak hainbat atxiloketa burutu zituen -gutxienez bi lagun- etxegabetzea amaitzear zegoenean eta horretaz gain, atzerrian jaiotako bi gazte Espainiako Polizia Nazionalaren polizia etxera eraman ditu Udaltzaingoak, Atzerritartasun Zerbitzura. Atxilotu guztiak arratsaldean aske geratu ziren.
Behin etxegabetzea bukatuta, Gasteizko Udalak San Antonio kalean duen zerbitzu sozialen egoitzara joateko deia egin zuen Etxebizitza Sindikatuak, egoera salatzeko eta Udalari alternatibak eskatzeko. 20:00etan, berriz, elkarretaratzea egin zuten Plaza Berrian, azken informazioa bildutakoei helarazteko.
[AZKEN BERRIAK]
– Atxilotu guztiak aske geratu dira
– Familia batentzako etxebizitza alternatiba lortu dugu soilik
– 7 pertsona oraindik kalean daude; sindikatuak gaua pasatzeko lekua lortu die oraintxe
[Oharrak👇] pic.twitter.com/sYYMTghxi9
— Etxebizitza Sindikatua (@EtxeSindikatua) January 26, 2021
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!