Estereotipoak gainditu nahi ditu ‘Emakumeak eta puntu’ erakusketak
Ostiraletik aurrera, Eider Bernaola argazkilari gasteiztarraren lana ikusgai egongo da Judimendiko ARTgia aretoan. Sare sozialak izan dira Bernaolak deialdia egiteko erabili duen tresna: ernatzuna “ezinhobea” izan dela adierazi du.
Alea.eus bidez
Emakumearen, edertasunaren eta gorputzaren inguruan sortutako esterotipoak apurtzeko apustua egin du Eider Bernaolak Emakumeak eta puntu erakusketan. Datorren ostiraletik aurrera, hilak 20, eta azaroaren 18ra arte ikusgai egongo dira obra osatzen duten argazkiak, Judimendiko ARTgia aretoan.
Emakume biluzien argazkien bitartez, konplexuak landu ditu Bernaolak: “Irudien bidez elikatzen den markoa da, eta irudi horien bidez sortu edo indartzen dira este- reotipoak”. Argazkilari gasteiztarrak estereotipo patriarkalak nagusi direla uste du, eta horiei aurre egin eta ikusmolde feminista eta jarrera etikoa aldarrikatzen du.
Deialdia, sare sozialen bidez
Sare sozialak izan dira Bernaolak deialdia egiteko erabili duen tresna, eta erantzuna “ezinhobea” izan dela adierazi du. Izan ere, lanak hamabost emakumeren gorputza erakusten du, baina proiektua bera emakume gehiagoz osatuta dago.
Gainera, partaide bakoitza bakarka ezagutzea izan da gaztearen asmoa: “Besteak beste, bakoitza nola sentitzen den bere gorputzekin, autoestimuz eta besteekiko onarpenaz hitz egin dugu. Oso interesgarria izan da, era guztietako emakumeek hartu dutelako parte”.
Erakusketa ostiralean inauguratuko da, baina proiektua ez dago erabat itxita: “Nahi duenak parte har dezake oraindik, etorkizunean erakusketa handitzen joatea baita asmoa”. Zenbat eta gorputz desberdinagoak eta istorio anitzagoak bildu, proiektua orduan eta “aberasgarriagoa” izango dela nabarmendu du.
Bernaolarekin batera, Miriam Santos arituko da ostiralean; hark girotuko du erakusketa Buffrö izeneko proiektu musikalaren bitartez. Ikusleak deseroso sentiarazteko asmoz, zarata eta giro soinua erabiliko ditu erakusketa laguntzeko. Hausnarketa eragin nahi du ikusleengan, irudi eta zarata horien aurrean sortutako deserosotasunaren arrazoia bila dezaten.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!