Espainiako bandera jarri behar izan dute Aramaioko udaletxean
Epaitegiek aginduta, azkenik Espainiako bandera jarri behar izan du Aramaioko Udalak.
Alea.eus bidez
Espainiako Gobernuak epaitegietara jo zuen Espainiako bandera Aramaioko udaletxeko balkoian jartzeko, eta azkenean epaitegiek arrazoia eman diote. Ekainaren 11tik jarrita dago.
Lierni Altuna Aramaioko alkateak adierazi du 2012tik hainbat errekurtso jarri dituztela Espainiako Gobernuaren aginduaren kontra, baina Gobernuak “sinboloen gerrarekin” jarraitu duela, eta oraingoan “Konstituzioa baliatuta” Espainiako bandera jartzea behartu du. Horrelako “inposizioarekin” ez dela herria errespetatzen adierazi du Udalak, bertako identitatea, hizkuntza eta kultura ez baitira kontuan hartzen.
Gainera, alkateak Aramaioko biztanleen gehiengoa euskalduna dela azpimarratu du, nahiz eta nazio ezberdinetako jendea egon. Gogoratu duenez, udaletxeko balkoian ez da sekula banderarik izan, baina duela sei urte Espainiako bandera “gutxienez” egon behar zela agindu zioten Udalari. “Biztanle gehienak euskal naziotasunarekin identifikatzen direnez, herriko plaza erdian jartzea erabaki genuen”, azaldu dute Udaletik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!