Eskaera nagusiak onartuta, Arabako Kirol jardueretako langileek bertan behera utzi dute greba
Uztailaren 23tik egon dira greban langileak, egunero mobilizatuz, igerileku nagusiak itxiz eta herritarren babesa jasoz momentu askotan. Arlo guztietan lortu dituzte soldata igoerak, hiru urteko hitzarmena lortuz.
Uztailaren 27ko goizetik arratsaldera egon dira bilduta sindikatuak, langileak, patronala eta Gasteizko Udala, Arabako Kirol jardueretako langileen grebari irtenbidea emateko eta azken hauen lan baldintzak hobetze aldera. Langileek Hala Bediri adierazi diotenez, uztailaren 23an hasi zuten grebak bere fruituak eman ditu. “Irabazi dugu”, hori da haien sentsazioa.
Azken egunetan, herritar askoren babesa izan dute langileek mobilizazio ezberdinetan, Araba osora hedatuz greba. Uztailaren 27an, adibidez, igerileku inprobisatu bat eraiki zuten Mendizorrotza kanpoaldean, “lan egin nahi dugula argi uzteko”. Hitzarmen berri bat lortu duten arren, badira lortu dituzten beste eskaera nagusi batzuk ere.
Langileen lorpen nagusiak puntuz – puntu:
- Hiru urteko lan hitzarmen berria. Hasiera batean langileek lau urtekoa eskatzen bazuten ere, orain arte zeukatena bertan behera geratu da, 2017, 2018 eta 2019 urteetako hitzarmeneko akordioa lortuz.
- Talde guztiek, salbuespenik gabe, soldata igoera izango dute.
- Sorosleek Kontsumoko Prezioen Indizearen igoera izango dute: %1a gora 2017an eta 2018an. 2019an, aldiz,%2koa izango da igoera.
- Zaintza lanetan aritzen direnek %45eko soldata igoera izango dute 2017ko urrian hasita.
- “Kantxeroek” soldata igoera ezberdinak izango dituzte: %9,6ko igoera 2017an, %45ekoa 2018an eta %4koa 2019an.
- Monitoreen soldata igoera %1ekoa 2017an, %2koa 2018an eta %2koa 2019an izango da.
Bost eguneko grebaren ostean, uztailaren 28tik aurrera, kirol instalazio ezberdinek normal irekiko dituzte ateak,
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!