Ertzaintza Laudioko Gaztetxea hustearen aurka protestan ari ziren gazteen aurka oldartu da
Gazte Asanbladak elkarretaratzea deitu du 19:30etan Herriko Plazan, desalojoa eta polizia bortizkeria salatzeko.
Gaur, ekainak 13, Laudioko Gaztetxea husteko agindutako azken egunea, desalojo data eta ordu zehatzik gabe, protesta egitea erabaki du gazte asanbladak. Dozenaka lagun elkartu dira goizean goizetik elkartasuna adierazteko.
“Udalaren asmoa desalojoa isilean eta erantzuteko aukerarik gabe gauzatzea zen, baina tentsioa kaleetara eramatea lortu dugu”, adierazi dute sare sozialetan gaztetxeko kideek. Izan ere, Lamuza parkeko ateak katez itxi eta Zumalakarregi etorbidea moztu dute dozenaka gaztek. Ordubete inguru izan dute kalea moztuta eta auto ilarak egin dira. Udaltzainak bertaratu dira aurrena eta Ertzainak ondoren. Azken horiek bortizki oldartu dira protestan ziren gazteen aurka.
Gaztetxeko asanbladak Laudioko Udalari (EAJ) egotzi dio egoeraren erantzukizuna, desalojo agindua igorri izanagatik.
Poliziaren bortizkeria salatu eta gaztetxearen alde, elkarretaratzea egingo dute Laudioko Herriko Plazan gaur arratsaldean, 19:30etan, “Erasoen aurrean gaztetxea aurrera!” lelopean.
Horren aurrean, Udaletxearen erantzuna zipaioak bidaltzea izan da eta bertan zeuden kontra kargatu dute bortizki. Argi dugu Udaletxea dela egoera honen guztiaren erantzulea, berea baitzen desalojo agindua gelditzeko erantzunkizuna.pic.twitter.com/X8Aqzrdeld
— Laudioko Gaztetxea (@LaudioGaztetxea) June 13, 2022
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!