Errudun jo dute Blanca Guerrero, Gasteizko hezkuntza-segregazioan erakutsitako “konpromiso faltagatik”
Gutxienez guraso atzerritar bat duten ikasleen %83a hiriko sare publikoan matrikulatuta dago. “Elkarbizitza dago jokoan”, uste du Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Gasteizko Plataformak.
Hezkuntza-segregazioaren datuak behin aztertuta, Arabako Hezkuntza Ordezkaria den Blanca Guerreroren dimisioa eskatu du Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Gasteizko Plataformak hiriburuan burututako herri-epaiketa sinboliko batean. Izan ere, Gasteizko ikastetxe publikoen ia erdia “ghetto zentroak” direla jakin ostean, kalejira egin dute ostegunean Andra Mari Zuriaren plazatik Hezkuntza Ordezkaritzara “haren konpromiso falta” salatzeko.
Kalejira amaieran, eskola-segregazioa “gure hezkuntza-sistemak sufritzen duen gaitz nagusienetako” bat dela salatu dute. “Datu latz eta gordinen nola da posible Blanca Guerrerok, Arabako hezkuntza ordezkariak, eskola segregazioa dagoela ukatzea?”, galdetu dute. “Zeren zain dago Eusko Jaurlaritza eta Arabako Hezkuntza Ordezkaria, benetako eragina izango duten neurriak hartzen hasteko?”
Herri-epaiketaren testuinguruan, Blanca Guerreroren “ekimen eta konpromiso-falta” ikusita, haren dimisioaren eskaria berretsi dute. “Guk eskola publikoaren aldeko konpromisoa berresten dugu, eskola publiko bakarra, denona eta denontzat“.
Amaitzeko, sistema duala gainditzeko unea dela adierazi dute, “hezkuntza sistema interes neoliberal, merkantilista eta korporatiboen gainetik kudeatzeko. Eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatz ez den bitartean ez da aukera berdintasunik egongo, ez ekitaterik ezta gizarte kohesiorik ere”.
“Guetto zentroak”
Hirian dauden 32 ikastetxe publikoetatik 22k, gutxienez guraso atzerritar bat duten ikasleen %30a baino kontzentrazioa handiagoa dute. Hirutik, bik. 15 ikastetxe publikok, ikastetxe publiko guztien ia erdiak, gutxienez guraso atzerritar bat duten ikasleen %50etik gorako kontzentrazioak dituzte. 10 ikastetxe publiko daude %70etik gora kontzentrazioarekin, hau da, hiriko ikastetxe publikoen ia herena.
Hau da gaur egungo errealitatea Arabako hiriburuan. Baina goazen datuetan sakontzera. Gutxienez guraso atzerritar bat duten ikasleen %83a hiriko sare publikoan matrikulatuta dago. Eta datu gehiago ikusi ahala, argiago geratzen da eskola-segregazioa arazo larria bilakatu dela Gasteizen: “Elkarbizitza dago jokoan”, uste dute plataformako kideek.
Save The Children erakundeak 2018ko apirilean eskola segregazioari buruz egindako Mézclate conmigo txostena Gasteizera ekartzen badugu, arazoaren larritasuna begi bistakoa da. Txosten horretan, ikastetxean egoera ahulean dauden ikasleen kontzentrazio mailaren arabera sailkatzen ditu blokeak:
- “Ghetto zentroak”, kontzentrazio maila oso altua dutenak: %50etik gorakoa.
- Kontzentrazio maila altuak: %26tik %50era bitartean.
- Kontzentrazio tarteko maila: %10 eta %25 bitartean.
- Kontzentrazio maila baxua: %10 baino gutxiago.
Parametro horien arabera, Gasteizko sare publikoan “ghetto zentroak” deritzon 15 eskola publiko daude (ia %50a), eta beste 10 (ia %30a) kontzentrazio maila altukoak dira. Guztira, 32 ikastetxetatik 25 daude egoera larri honetan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!