ERRO musika zigilua jaio da, Gasteizen sustraitu den diskoetxea
ERRO musika zigilua aurkeztu dute gaur bere sortzaileek. Zigilu honen sorreran Izaki Gardenak, Montauk eta Joseba B. Lenoir taldeetako kideak daude, eta hauenak izango dira kaleratuko dituen lehenengo lanak.
2018ko neguan hasi zen ideia sortzen. Nahiz eta aurretik hainbat modutara diskoak kaleratu zituzten hiru taldeek, hurrengoetarako autoekoizpenera jotzea zuten asmoan. Hilabeteen ostean, ERRO jaio da.
Nor bere lanen jabe %100 izatea zuten helburu. Honek, ordea, gehienetan bakarka aritzea dakar, eta horrek, besteen esku uzten ez den lana norberak egin behar izatea. Lan hauek elkarrekin egiteko asmoak elkartzera eraman ditu.
Zigilu kide diren taldeek badute musika estiloan antzekotasunik, AEBko soinuetarako joerarik. Eta horrek ematen dio zigiluari “estilo uniformetasun” bat. Baina aurrera begira beste estilo batzuetako taldeei ateak zabalik utzi dizkiete.
Gasteizen sustraitu da diskoetxea, eta, printzipioz, bertan eta bertatik ariko da. Zigiluaren erakusleiho izango den web orria ere aurkeztu dute: www.erro.eus eta ohiko sare sozialetan haien jarduna jarraitzeko aukera izango da. Harremanetarako email bat jarri dute martxan: info@erro.eus
Esan bezala, hasieran hiru taldek osatzen dute zigilua, eta hiru taldeon lanak kaleratuko ditu 2018an. Lehenengo erreferentzia, eta dagoeneko plataforma digitaletan aurki daitekeena, Joseba B. Lenoirren singlea da, baina Izaki Gardenak eta Montauk taldeek udazkenean kaleratuko dituzte euren diskoak, biak ala biak datorren astean sartuko baitira grabaketa estudioan.
Joseba B. Lenoir-en diskoa
Bi kantuko singlea aurkeztu du udaberri honetan Joseba B. Lenoirrek. Hasieran digitalean aurkeztu zuen, baina orain formatu fisikoan kaleratu du (CDan) eta udazkenerako biniloan izateko asmoa ere badu.
Spencer P. Jones-en bertsio bat dago batetik (“Haiek izorra nahi haute”), eta bestetik Josebaren beraren kantu bat (“Kantu odolustuen bluesa”). Diskorako talde berria ere osatu du, formatu berezikoa: bi bateria, bi gitarra, bi ahots, teklatua eta baxua.
Uda honetan hainbat kontzertu emango ditu eta, oraingoz, kontzertu hauetan besterik ezin izango da erosi lan hau.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!