Errigora, Arabatik Nafarroako euskalgintza babesteko erronka
2013tik 2018ra 800.000€ bideratu ditugu Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara. Araban ere, saskia lortzeko aukera zabaldu dute: besteak beste, Hala Bedi irratian bete daiteke saski txuria edo beltza lortzeko eskuorria.
Urriaren 25etik azaroaren 14ra izango da 2018ko Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina eta, aipatu bezala, “egoera ekonomiko zailean dira zenbait ikastola eta arnasa lasaiago hartzeko balio izan die orain arte jasotakoak”. Hutsuneak bete eta konponketak egiteko erabili dute dirua, baina hortik harago, erronka berriei heltzeko beharrezko hainbat inbertsiori aurre egiteko aukera ere eman die. Gelak hornitzeko materiala erosteko, IKTetan inbertitzeko, azpiegiturak egokitzeko, berogailu sistemak hobetzeko, ingogailua egiteko… Hori izan da Errigora sustatzen duten AEK, Sortzen eta ikastola ezberdinen helburua hasieratik.
Aurtengoan bertako 23 ekoizlek eskainiko dituzte haien produktuak: “23 kontserba-etxe eta olio-errotaren atzetik dozenaka langile eta ehunka nekazariz osatutako familia bat dago”.
Sortzen elkarteak, berriz, sare publikoan D ereduko taldeak sustatzeko erabili du jaso duen diru partida azken urteetan. 2015era arte euskaraz bizi eta ikasteko eskubidearen aldeko dinamikak hauspotzera bideratzen zuen ekarpena, baina, urte hartako otsailetik, zonalde zigortuan haurrak D ereduan matrikulatzeko aukera zabaldu zen eta, beraz, D ereduaren aldeko dinamikak eta kanpainak garatzeari ekin zioten. Hiru ikasturteotan 9 herritan martxan sortu dira D ereduko lerroak.
AEK-k diru-ekarpenaren parte handi bat ikasleei matrikula arintzeko beka-sistema martxan jartzera bideratu da. Ikasturteko eskolen %75etik gora jaso duten ikasleei gutxienez matrikularen erdia (%50etik %65era, urtearen arabera) ordaindu zaie era honetan. Alizia Iribarrenek adierazi duenez, beka hauek, ikasleen poltsikoetan ez ezik, Erriberako AEKren matrikulazioan nabarmen antzeman dira: 2013-14 ikasturtetik 16-17ra %70 hazi zen matrikulazioa Goi eta Behe Erriberan.
Izen ematea, webgunean edo Arabako gune ezberdinetan
Aurtengo kanpainari dagokionez, azkenengoetan egin den bezala, bi saski izango dira aukeran: beltza (Errigoraren saski klasikoa) edo zuria (berritasunak eta produktu bereziagoak jasotzen dituena). Saski bakoitza 50 euroren truke eskuratu daiteke eta, auzolanari esker, %25a Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari bideratuko da.
Informazio praktikoari dagokionez, eskaerak tokian toki eskuorriak betez ala, modu errazean, online egin daitezke, Errigoraren web gunean (www.errigora.eus). Tokian-tokiko lekuei dagokienez, besteak beste, Hala Bedi Irratiaren egoitzan lortu daiteke eskuorria, Bueno Monreal kalean, 16. zenbakian. Horretaz gain, euskaltegietan, Amaia Zentroan, Oihenderren, Bionekazaritzan, sindikatuetan… lortu daitezke hauek, gero, euskaltegietan entregatzeko. Hala ere, antolatzaileen esanetan, errazena webgunean apuntatzea da.
Arabako gainontzeko eskualdetan ere, prozedura berdina jarraitu beharko da, baina euskaltegiek protagonismo berezia izango dute. Bertan apuntatu daiteke eta bertan entregatu, Gasteizen bezala. Eskaera zerrenda bat egin nahi bada, ordea, gasteizerrigora@gmail.com helbidera idatzi daiteke, informazio gehiago jasotzeko.
Banaketa eguna abenduaren 1ean izango da, 10:00etatik 13.30era eta 17:00etatik 19:30era. Ali auzoan dagoen pabilioi batean egingo dute banaketa, baina izena emango dutenek emailean jasoko dituzte xehetasunak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!