Errefuxiatuen zentroak “harrera integral eta duina” bermatzeko bost neurri proposatu ditu Ongi Etorri Errefuxiatuak Arabak
OEEk alderdi politikoek sortutako eztabaidaren markotik kanpo kokatu du bere burua. Beharrezko 5 neurri aldarrikatu ditu Gasteizen errefuxiatuentzako harrera-zentro "integral eta duin baterako".
Gasteizen errefuxiatuentzako nazioarteko harrera-zentro bat sortzeko proiektua lizitatu du Espainiako Gobernuko Migrazioen Estatu Idazkaritzak. Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba taldeak bost neurri zehatz planteatu ditu zentroak harrera “integral eta duina” eskaini dezan, “hiriko beste gizarte premia batzuei erantzuteko eta auzoetan kulturarteko bizikidetza sortzeko”.
Proposamen hori egiteko, “egungo polemikatik” kanpo kokatu du taldeak bere burua; hau da, uko egin diote eztabaidaren markoa “estatuko harrera ereduaren eta euskal harrera ereduaren arteko aurkakotasunera” mugatzeari. Izan ere, EAEko kargu eta alderdi politikoen artean askotariko iritziak entzun dira azken asteetan, aurrekainpaina garai betean.
Urtetako erantzun eskasa
Gasteizek errefuxiatuen harrera-beharrei eman dien erantzun instituzionala “nahiko eskasa” izan dela esan du OEEk, ukrainarrei egiten zaien harrera “ezohikoa” izan dela azpimarratuaz batera.
Azaldu dute Gasteizera gero eta errefuxiatu gehiago heltzen badira ere (2015ean 14 pertsonak eskatu zuten asiloa Gasteizen; 2022an, 1.044k). Azken 8 urteetan ez dela plazarik handitu larrialdiko bizitegi-baliabideetan.
Udalari galde egin diote “zehazteko” zertaz ari den harrera-eredu munizipalaz ari denean, halakorik baldin badago.
Plaza gehiago eta harrera integral eta duina
Testuinguru horretan, OEE Araba erakundeak gogorarazi du “premiaz egokitu behar direla harrera-plazak” hirira iristen diren nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonentzat, eta plaza horiek “harrera-eredu integral eta duin baten parte izan behar dute”.
Horretarako, beharrezkoa da bermatzea errefuxiatuentzako “bizitzeko leku segurua”, “bizitza duina garatu ahal izateko baliabideak” eta bizikidetzarako “esku-hartze sozial komunitarioa, integratzen diren auzoko biztanleriaren beharrak kontuan hartuta”.
Errefuxiatuentzako harrera-zentroa bai, baina baldintza batzuk betez
Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba taldeak bost neurri zehatz planteatu ditu errefuxiatuen zentroak egingo bada, harrera “integral eta duina” eskaini dezan:
- Zentroa zabaltzea ez modu aislatuan, baizik eta hirian errefuxiatuentzat egokitutako bizitegi-baliabideen multzo batekin batera.
- Gaur egun hutsik edo gutxiegi erabiltzen diren titulartasun publikoko higiezinak berrerabiltzeko plan orokor baten arabera kokatzea.
- Haren irekiera udaleko eta urte anitzeko plan operatibo batekin batera onartzea, bertako egoiliarrentzat hezkuntza-, osasun- eta gizarte-baliabideak bideratu eta antolatzeko.
- Auzoan (Aranan edo kokatuko den auzoan) esku-hartze komunitarioko programa bat aurkeztea.
- Zentroa ireki ondoren, auzo-elkarte, erakunde, ikastetxe eta osasun-zentroek parte hartzen duten elkarrizketa mahaiekin koordinatuta kudeatzea.
Diskurtso alarmisten aurka, “pertsonen bizitza eta ongizatea” babesteko politikak aldarrikatu ditu Ongi Etorri Errefuxiatuak Arabak. Zentzu horretan, ordezkari politikoei eskatu diete ez dezatela beldurrik sortu herritarrengan”, eta Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialei “eztabaidarako eta politikak diseinatzeko esparru bat ireki dezatela” proposatu.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!