Ernairen X. urteurrena ospatuko dute larunbatean Gasteizen, Gasteiztik Ari Gara eguna
Aurten 10 urte, 2013ko martxoaren 2an, aurkeztu zuten Ernai gazte antolakundea, Lizarran. “Independentzia eta sozialismoa borroka askatzaile berriekin txirikordatzeko jaio zen eta helburu berekin dihardugu gaur egun ere”, adierazi zuten hamargarren urteurrenaren harira gazte antolakundeak.
Hainbat ekitaldi egin dituzte Euskal Herriko hiri eta herrietan urteurrena ospatzeko azken asteetan. Gainera, Gazte Topagunea ospatuko dute udaberriko oporretan Elorrion, Bizitzeko modu bat lelopean. Lau egunez, apirilaren 6tik 9ra, hamargarren urtemuga ospatuko dute hor ere, hitzaldi, tailer eta kontzertu artean.
Gasteiztik ari gara, X urtez Ernai
Gasteizen ere jarri dute zita. Larunbatean, apirilak 1, Gasteiztik ari gara (dena aldatzen) lelopean, egun osoko egitaraua antolatu dute.
12:30ean hasiko da Gaztetxean X urtez Ernai hitzaldia. Gazte antolakundeko egungo eta iraganeko militanteak batuko ditu. Amaiur Arbe, Aitor Anda, Ane Zurutuza eta Unai Rodriguez izango dira hizlari.
Ondoren, 14:00ak aldera, Garraxi Tabernan poteatu eta 15:00etan bazkaria egingo dute Auzolana Pilotalekuan.
Arratsaldean 17:30ean pilota ikuskizuna egingo da Auzolana Pilotalekuan bertan. 19:30etik aurrera, berriro ere Gaztetxan, Apolo G’s eta Bad Sound System taldeen kontzertuak emango diote egunari bukaera.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!