Erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik ateratzeko eskatu du LAB sindikatuak
“Egin klik: erlijiOFF” dinamikaren baitan mobilizazioa egin du LAB sindikatuak Gasteizen. Erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik ateratzeko dinamika bat da hau eta neurri zehatzak jarri dituzte mahaiaren gainean, epe luze zein ertainera begira.
LAB sindikatuak Erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik ateratzeko dinamika abian jarri zuen abenduan eta, martxoaren 15ean, dinamika horren baitan, mobilizazioa egin du sindikatuak Gasteizen. LABek Eskola Publiko Komunitarioaren parte izateko ikastetxeek bete beharreko ezinbesteko irizpideak zehaztu ditu, eta irizpide horien baitan hezkuntzaren izaera laikoa defendatzen dute.
Zentzu honetan, sindikatuak “Egin klik: erlijiOFF” dinamikaren garapenarekin jarraitzeko erabakia hartu du eta bertan kokatzen da ostiraleko mobilizazioa.
Eskaeretako bat, erlijioa eskaintzen duten ikastetxeek finantziazio publikorik ez jasotzea da. Neurri berean, irakasle hauen pribilegioekin amaitu nahi dute, zerrenden kudeaketa elizaren inferentziarik gabe administrazioaren esku geratuz.
Hori gutxi balitz, erlijio ikasgaiak espedientean eraginik ez izatea nahi du sindikatuak eta, erlijioko irakasleen formakuntza, apezpikutzak emandakoa bada, diru publikoz ez finantzatzea.
Aipatutako guztia, epe luzera begira, baina epe ertainera erlijioko irakasleen birkolokaziorako prozedura adostu behar dela uste dute: “Administrazioak eta alde sozialak aterabide adostu bat artikulatu beharko dute, beti ere dagozkion berme mekanismoak eta gardentasun printzipioak bermatuz”. Gainera, erlijioa eskaintzen duten ikastetxeek finantziazio publikorik ez jasotzea nahi dute.
Erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik ateratzeko planteamendua jendarteratzen eta atxikimenduak biltzen arituko da LAB datozen hilabeteetan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!