Erasoen aurrean autodefentsa transmaribibolloa aldarrikatu zuten larunbatean Gasteizen
"Ez dira pasako" lelopean eraso LGBT+foboak salatu, justizia exijitu eta autodefentsa transmaribibolloaren aldeko aldarria egin zuten Gasteizen larunbatean, E28 Koordinadorak deitutako manifestazioan.
Manifestazio jendetsua egin zen larunbatean Gasteizen “Ez dira pasako: erasoen aurrean autodefentsa transmaribibolloa” lelopean. E28 Koordinadorak deituta, azken hilketa LGBT+foboa eta azken asteetako erasoak salatzeaz gain, antolakuntza eta autodefentsaren alde egitea izan da mobilizazioaren helburua.
Galizian eraso homofobo batean eraildako gaztearentzako justizia exijitzeaz gain, kolektiboak ohartarazi du gora egiten ari direla eraso LGBTIfoboak, komunikabideek diskurtso faxistei eta erasotzaileei ematen dieten babesak hauspotuta.
Halaber, “erakunde, alderdi politiko, elkarte eta sindikatu guztiak” seinalatu nahi izan dituzte, kolektiboa haien mesedetan instrumentalizatu bai, baina “egoera hauentzako irtenbide materialak” ez bermatzearren. Poliziaren irudia zuritzeko kanpaina ere salatu dute, eta “defendatzen gaituztenak gure familiak, lagunak eta auzokideak direla” adierazi.
Egora honetan, justiziaren eta jendarte berri baten aldeko borroka aldarrikatu dute, erdigunean jarriz “arau patriarkaletik kanpo geratzen diren “beste” guztiak, periferietako eta ertzetako “beste” guztiak, ezkutuan biziraun ahal izateko beren identitate sexu-afektiboa ezkutatzera behartuta daudenak”. Horretarako, autodefentsa, elkartasuna eta antolakuntzaren alde agertu dira, LGBT+ bizitzen aurkako indarkeriak eta errepresioak “kapitalismoa deitzen diogun ordena politiko, sozial eta ekonomikoa sendotzen laguntzen duelako” eta “ordena hori suntsituz bakarrik lor daitekeela benetako LGTB+ askapena”.
Argazkiak: @e28gasteiz
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!