Erabilera turistikorako etxebizitzen hedapena gelditzeko kanpaina jarri dute martxan
Udalaren azken planak 18.000 etxebizitza turistiko baimendu nahi ditu hirian. Kanpaina jarri du abian Gasteiz Txiki auzo elkarteak pisu turistikoen hedapenaren aurrean auzokideek alegazioak aurkeztu ditzaten.
Hasiz doa pisu turistikoen kopurua Gasteizen eta Udalak martxan jarritako azken planak hiriko 18.000 etxebizitza erabilera turistikorako bideratzea du helburu. Udalaren proiektuak “bizilagun eta auzoarengan ondorio kaltegarriak izango dituela” azpimarratu du Gasteiz Txiki auzo elkarteak eta etxebizitza turistikoen hedapena eteteko kanpaina jarri du martxan.
Gasteiz Txiki auzo elkarteak alegazioak aurkezteko deia egin die hiriko herritar orori, jarduera turistikorako bideratutako etxebizitzen hazkundeak hirian izango duen eragin kaltegarria argudiatuz.
Hainbat dira auzo elkartetik etxebizitza turistikoen (VUT gaztelaniaz) aurka azaltzeko plazaratutako arrazoiak, nagusiki, honek eragingo duen etxebizitzaren prezioen igoera, populazioaren lekualdatzea eta gentrifikazio prozesua jarri dituzte erdigunean. Etxebizitzen garestitzeak oinarrizko eskubide hori eskuratzeko zailtasunak eragiten dituela salatu dute
Gaineratu dute ere erabilera turistikorako etxebizitzek “komunitate-bizitzarako eta auzokideen errealitate sozialerako arrisku-elementuak sartzen dituztela auzoetan”.
Auzoko etxebizitzen zaharberritzea gaur egungo bizilagunen esku egotea exijitu dute Gasteiz Txikiko kideek, ez dute nahi inbertsoreek egoera txarrean erakinak erosi eta hauekin negozioa egitea. Azkenik, Tokiko merkataritzaren aldeko apustua azpimarratu dute, “ez turisten behar eta ohituretara bideratutako merkataritza”
Alegazioak aurkezteko kanpaina
Udalak aurkeztutako proiektuak ARABATURen, Arabako Turismo Ostatuetako Partikularren, Jabe Txikien eta Kudeatzaile Elkarteen eskaerei erantzunez osatua dela salatu dute. Gasteiz Txiki auzo elkarteak etxebizitzen erabilerari eta eraikin osoak erabilera turistikorako bideratzeari buruzko alegazioak aurkeztu zituen bere garaian. Udalak alegazio hauek onartu zituen etorkizun batean legedia aldatzeko aukerari atea zabalduz.
Orain, proiektuaren aurkako alegazioak modu masiboan aurkeztea da Gasteiz Txiki auzo elkartearen helburua eta horretarako laguntza eskatu die hiriko norbanako, talde eta elkarte orori. Alegazio hauek edozein gizarte-etxetan aurkeztu daitezke. Esteka honetan jarri dute eskuragarri alegazio orria deskargatzeko aukera.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!