Enpresa pribatu batek Lautadan egin nahi duen goi-tentsioko lineak energia garraioa pribatizatzeko bidea irekiko luke
Forestalia enpresak egin nahi duen goi-tentsioko lineak energia garraiorako baimenik ez duela eta zentral fotovoltaiko eta eolikoetan sortuko den energia nabarmen gainditzen duela argudiatu dute Aguraineko Udaleko taldeek, eta proiektuaren kontra agertu dira.
Aguraineko Udalak baztertu egin du Forestalia Renovables enpresak Arabako Lautada zeharkatuz egin nahi duen goi-tentsioko linea. Batetik, azpiegitura horrek eskualdean inpaktu larriak eragingo ditu, proiektuak berak aitortzen dituenak. Udalak hainbat alegazio onartu ditu, besteak beste, sute-arriskuak, inpaktu hidrologikoa, lehendik dauden lineak eta nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapenei eragiten dieten kaltea kontuan hartzen dutenak.
Bestalde, EH Bilduko udal taldeak azaldu duenez, proiektu honek bidea irekitzen dio energiaren garraioaren pribatizazioari. Izan ere, titulartasuna pribatua da eta sustatzailearen erabilera esklusiboa bermatzen du. Orain arte, Espainiako Sare Elektrikoaren eskuetan egon da energia garraioa. Forestalia Renovablesen linea pribatua Zaragozatik Gasteizera egin nahi dute.
Horretaz gain, gogorarazi dute proiektua ez dagoela jasota Estatuaren energia-plangintzan eta, beraz, baimenik gabe ari direla. Gainera, ez zaienez inplikatutako administrazioei behar bezala jakinarazi (konztejuei eta Lautadako Kuadrillari) luzatu egin behar da jakinarazpen publikorako epea.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!