Energia berriztagarrien “negozioa” eta eredu “autoritarioa” salatzera deitu dute Agurainen
Arabako Mendiak Aske plataformak Aldundiak administrazioko ordezkariekin deitu duen batzarraren aurrean egingio du elkarretaratzea.
Arabako Foru Aldundiko Iraunkortasun, Nekazaritza eta Ingurune Naturala Sustatzeko Sailak Lautadako udal zein administrazio batzarretako ordezkariei zuzendutako hainbat informazio bilera deitu ditu, “gure lurraldearen garapen iraunkorrari eta etorkizun energetikoari buruzko informazioa emateko” helburuarekin.
Horren aurrean, Arabako Mendiak Aske plataformak elkarretaratze bat deitu du abenduaren 21erako, 16:45ean Aguraingo udaletxearen aurrean. Salatu egin nahi dituzte Aldundiak deitutako bilerak. Izan ere, “zentzugabekeria” delakoan daude Ingurumeneko Fiskaltzak inputatutako Amaia Barredo diputatuak zuzendutako sailak “orain energia berriztagarriei buruzko informazioa eman nahi izatea”, bereziki eolikoari buruzkoa, “eragindako herriek bat egin dutenean kolpe autoritarioz ezarri nahi duten zentral eoliko eta fotovoltaikoen ereduaren aurka”. Kontzejuek eta udalek horri buruz hartu dituzten “erabakiak errespetatzeko” eta “manipulazioak alde batera uzteko” eskatu du berriro ere Arabako Mendiak Askek.
Plataformak gogorarazi du “benetako energia berriztagarriek ez diotela kalte egiten bizitzaren oinarria den biodibertsitateari, eta ez dituzte lapurtzen etorkizunean elikatu ahal izateko beharko ditugun lurrak”.
Arabako Mendiak Aske plataformak aipatutako erabakia hartu duten tokiko erakundeak dira, besteak beste, Iruraiz-Gauna, Asparrena eta Zalduondoko udalak, bai eta hainbat kontzejutako administrazio batzarrak ere: Trokoniz, Jauregi, Alaiza, Gazeo, Egilaz, Arrieta, Durruma, Mezkia, Añua, Okariz, Gauna, Zuhatzu Donemiliaga, Munain, Uribarri Jauregi, Heredia, Erentxun, Egileta, Azazeta, Ilarduia, Ametzaga, Opakua, Egileor, Arrizala, Alangua eta Langarika.
Elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!