Emakume pentsionistak: “Zahartzaro duin baten alde borrokatzeko batu gara”
Emakume pentsionistek Oneka plataforma sortu dute. Euren pobrezia salatzea da xedea. Galdera batean laburbildu dute problematika: “noren zerbitzura dago ekonomia?”
Izar Mendiguren | aiaraldea.eus
Duela urtebete elkartu zen aurrenekoz Oneka, euskal emakume pentsionisten plataforma. Emakumezko edadetuen egoera kontatu diete Laudioko ikastetxeetako gazteei. “Zahartzaro duin baten alde borroka egiteko batu gara”, dio Ana Mezo Basaresek. Emakume pentsiodun eta feministen erreferentea izatea nahi dute Euskal Herrian, “pobrezia, bakardadea, indarkeria matxista eta ikustezinak izateari aurre eginda”. Momentuz, 44 herrietan daude antolatuta. Besteak beste, zerbitzu eta baliabide publikoen falta salatzen dituzte, baita “etxebizitza egokiak edota egokituak” eskatzeko aukera eza ere.
Pentsionistak izanik, 1.080 euroko pentsioa aldarrikatzen dute. Dena den, handia da emakume nagusien aurkako indarkeria, Mezoren ustez: “Horregatik zahartzaro duina, menpekotasunik gabea eta autonomoa nahi dugu, emakume nagusiak subjektu politikoak izatea”. Adinak estututa-edo, heriotza duinerako eskubideaz ere mintzo dira, eta nagusien ahotsa entzutearen beharraz.
“Bizitza osoa lanean egon ondoren, zahartzaroan pobrezia arriskua handitu egin da guretzat. Hau aldatzeko sortu dugu Oneka. Pentsionisten uholdean emakumeak parte gara, gure hitz eta indarrak bere lekua izan behar dute”. Finean, euren salaketa eta aldarrikapenak beraiek bideratu nahi dituzte: “Sistema hau sustengatzeko ezinbestekoak izan gara. Gure lana ezkutatu egin da, eta egin dugunaren balioa ukatu egin dute, eskubideak lapurtu dizkigute”.
Ekonomia, noren zerbitzura?
“Posible da iraultzea, ekonomia pertsonen zerbitzura jarriz gero”, baieztatu du, “arazoa sistema bera dela esateko batu eta antolatu gara”.
Eustateko datuetan oinarrituta diote ordaindu gabeko etxeko lanen balioa 21.342 milioi eurokoa izan zela, EAEn ekoiztutakoaren %32.4. “Lan horretatik %66 baino gehiago emakumeek egindakoa izan zen”.
Ordaindu gabeko etxeko lanaren banaketa
Aitortu eta ekonomikoki saritu gabeko beharren zerrenda ere aztertu dute: janari erosketa eta prestaketak dira %42a, etxearen mantenuari %31, zaintza eta hezkuntzari dagokio %18a, eta arropa zein bestelako zereginei %8a.
Erretiro eta alarguntzak
Erretiratuak edo alargunak dira pentsionista gehienak. Generoari erreparatuta, ordea, arrakala bistakoa da: “Gizonezkoak dira erretiratuen %62,62a. Emakume alargunak, berriz, %93.32”.
Albiste hau aiaraldea.eus-ek argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu Hala Bedi-ra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!