“Emakume izateagatik prekarizatuak. Esenciales para sostener la vida“ jardunaldiak Amurrion, zaintza sektorean dauden langileen egoera ikusarazi eta salatzeko
Sos Aiaraldea ekimenak, Aiaraldeako Mugimendu Feministarekin elkarlanean, jardunaldiak prestatu ditu larunbat honetarako, ekainak 18. Amurrioko parkean izango dira, 10.00etan hasi, eta 14.00ak bitartean. Goizean zehar hainbat mahainguru eta lan dinamikek beteko dute egitaraua. Bertan izango dira, besteak beste, erresidentzietako, garbiketa sektoreko, jantokietan eta etxez etxeko zaintza lanetan diharduten langileak. “Sektore hauetan lan egiten duten emakumeekin batera antolatu dira jardunaldiak, beraiek baitira borroka honetan protagonista eta subjektu iraultzaile nagusia” adierazi dute Sos Aiaraldeatik.
Jardunaldiek bi helburu nagusi dituzte. Batetik, zaintza sektorean pairatzen diren egoera prekarioak ikusarazi eta salatzea. Eta bestetik, emakume langileen arteko aliantzak indartzea, erronkak identifikatu eta egoeraren aurrean nola antolatu hausnartzea.
Eskualdetik kanpoko emakumeek ere hartuko dute parte. Erresidentzietako lan hitzarmenen aldeko borrokan, sektore prekarizatuetako lan baldintzen hobetzearen aldeko taldeetan, edota ekintza sozialeko hainbat sindikatuko arduraduretan dauden emakumeek ere hartuko dute hitza, besteak beste.
Herritar orori zabaldu diete hurbiltzeko deia: “guztion ardura da zaintza lanei behar besteko garrantzia eta aitortza ematea. Hau ez da soilik emakume langileei dagokien borroka”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!