Eli Zalduak eta Samu Rodriguezek Aguraieko saioa irabazi ostean, erabakita gelditu da Bertxoko Sariketako finala
Hala Bedi irratiko Bertxoko irratsaioak antolatutako sariketak baditu hiru bikote finalistak ostiralean Agurainen ospatutako hirugarren kanporaketa jokatu eta gero. Finala ostiral arratsalde honetan jokatuko da Gasteizen Hala Bedi irrati ondoko lokalean.
Bertxoko Sariketako lehengo bi bikote finalistei hirugarren bikotea falta zitzaien final handia jokatu ahal izateko eta Aguraineko Latsarri Gaztetxean ospatutako azkeneko kanporaketan Eli Zaldua eta Samu Rodriguez bikotea izan zen nagusi. Eurekin batera lehian ibili ziren Aroa Arrizubieta-Eukene de los Aires eta Sabin Abarrategi-Unai Anda bikoteak, baina zaleen botoek lehengo bikoteari eman zioten finalera pasatzeko aukera.
Aguraineko Latsarri Gaztetxea lepo bete zen, orain arteko saiorik jendetsuena izan baitzen. Publikoak txalo eta pote artean agurtu zituen hiru bikoteak eta saio azkar, dibertigarri eta dinamikoa osatu zuten guztiek. Agur luze baina zirikatzaileak abestu zituzten hasieran, bakoitzaren bikoteari adarra jotzeaz gain aurkariei ere zenbait dardo jaurtita. Hainbat gai jorratu zituzten bertsotan: lautadako bertso fauna, Alex Sarduiren erretiroa… Serapioren rapa eta sandwich mixto ariketek ere txalo zaparrada handia jaso zuten.
Finala urtarrilaren 26an
Amaieran, aurreko saioetan bezala, entzuleek aukeratu zuten bikote irabazlea papertxoetan euren izenak idatziz eta modu honetan erabakita geratu da finala. Guztira hiru bikote izango dira lehian: Paula Amilburu-Ane Arexolaleiba, Maddi Agirre-Aitor Najera eta Eli Zaldua-Samu Rodriguez. Sei bertsolariek Urtarrilaren 26an (Ostirala) jokatuko dute final handia Hala Bedi irrati ondoko lokalean, arratsaldeko 20:00etan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!