Ehundaka lagunen babesa jaso du Talka proiektu feministak
Ostegun goizean hutsarazi zuten Gasteizko Talka espazio feminista. “Inolako baimen judizialik gabe” egin izana salatu dute gaur arratsaldean ehundaka lagunek Gasteizko kaleetan zehar. Martxoaren 8a gertu egotea “ez da kasualitatea, Talka espazio erreferentzial bat baita emakume* guztiontzat; greba antolatu eta aliantzak sortzeko”.
Gasteizko kaleak aldarri feministaz bete dira, osteguneko legez kanpoko hutsaraztea salatu eta Talka proiektu feministari babesa adierazteko. Proiektuko kideek azaldu dutenez, Talkaren aurkako erasoa herri mugimenduaren eta mugimendu feminista osoaren aurkako erasoa ere bada. “Indar polizialek elite kapitalista eta enpresari handien mesedetan jardun dutela” salatu eta desalojoan izandako “jarrera oldarkor eta erasokorra” gaitzetsi dute.
Hasieratik proiektuak jasandako “eraso konstateak” ekarri dituzte gogora. Argi mozketa, Talkara sartzeko saiakerak, presentzia poliziala eta hainbat identifikazio. “Feministok pairatzen dugun infantilizazioa” salatu, eta feminismoak duen indar eraldatzailea aldarrikatu dute.
Instituzioen “aurpegi zuriketa” salatu eta “feminismoa merkantilizatu, produktu bilakatu eta duen indar iraultzailea deuseztatzen” dutela adierazi dute proiektuko kideek, mezu argia bidaliz: “Ez, Gorka Urtaran, ez dizuegu ez zuri ez PNVri txapa feminista jartzen utziko! Zuena ez da feminismoa! Feminismoa emakumeona* da: bollerona, trans*ona, migratuona, langileona, errefuxiatuona… feminismoa zapalkuntza ororen aurrean altxatzen den gorputzona da”.
Amaitzeko, “kapitala suntsitu eta gure nahi, desio, harreman, beharrak erdigunean jartzearen helburuarekin, jaio zen eta biziraungo duen proiektu integrala” defendatzen jarraituko dutela irmoki adierazi dute.
Identifikazioak manifestazioaren ondoren
Manifestazioa Talka espazioan amaitu eta gutxira, bertan geratu diren lau pertsona identifikatu ditu Ertzaintzak. Horietako bati Mozal Legea ezarri diote.
Talka espazio okupatu eta feministara heldu berri gara. Gure zai txakurrak… ez diegu merezi ez duten protagonismoa emango. DESALOJOEN AURREAN AUTODEFENTSA FEMINISTA! #talkaezukitu pic.twitter.com/9ZWaQpC8zX
— Talka (@TalkaGasteiz) February 23, 2019
Gasteizen aurrekaririk ez duen proiektu feminista
Talka Gasteizen errotzen hasi zen proiektu bat izan da 2018ko abenduaren 15etik, ehundaka emakumek* Álava-Velasco Jauregiaren okupazioa publiko egin zutenetik, emakumeek* emakumeentzat* egindako proiektua izanik. Proiektuko kideek hasieratik argi izan zuten hilabeteak lantzen zeramaten proiektua egikaritzeko bertan geratuko zirela. Hiriko gainontzeko kolektibo feministen babesa jaso zuen proiektu honek.
XVII. mendean eraikitako jauregia da aipaturikoa, eta azken hamarkadetan alde batera utzitakoa. Abendura arte tapiatua egon zen, inbertsore ezezagun batzuen jabetzapean. Alabaina, Udalaren aldetik desjabetze prozesu batean zegoen azken urteetan. Gorka Urtaranen gabineteak okupazioaren jakinaren gainean jarri zuen enpresa jabea (Promociones Irene), salaketa jarri zezaten.
“Guk geuk kudeatu eta gure behar eta nahiei erantzunez”. Hau da Talkako kideek proiektuaz nahi dutena. “Espazio seguru” bat izatea azken finean, “gure beharrak kontuan ez dituen eta berdintasunez ahoa bete bitartean gure aurkako neurriak hartzen dituzten” instituzioen “geldotasunaren” aurrean.
- Desalojoaren irudiak
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!