“Eguneroko bihurtu zaigu ikasgela zein korridoreetan ikasle eta irakasleak, txano, eskularru, beroki eta mantekin ikustea”
Konponbide iraunkor eta duina eskatu dute Ikasbideako irakasleek, berogailuekin urteetan arazoak izan ondoren, "muturreko" egoera bizi izan baitute azken egunetan.
Denbora daramate Ikasbideako ikasle, irakasle eta langileek berogailurik gabe. Azken egun hauetan jasan duten egoera, baina, “muturrekoa” izan da. Horregatik, elkarretaratzea egin dute gaur irakasle, ikasle eta langileek. Ondoren, Eusko Jaurlaritzara eraman dute protesta.
Ikasbidea IPIko galdarak arazoak eman ditu azkenengo urteetan eta egin diren konponketak ez dira inoiz integralak izan, “galdarak berotzen jarrai dezan jarritako txaplatak besterik ez dira” irakasleen batzarrak azaldu duenez.
Galdararen egoera zela eta, iaz, zuzendaritzak berau aldatzea edo konpontzea lehentasunezkoa izan behar zuela adierazi zuen, baita delegaritzako teknikariek 2022ko urtarrilean idatzitako txostenak ere. Baina Jaurlaritzak ez zuen lehentasunezkotzat hartu.
Horrenbestez, 2023ko udara arte konponduko ez zutela adierazi zuten, konponketa hau egiteko galdara itzalita egon behar omen delako eta hiru aste beharko zituztelako.
“Ikasturte hasieratik zekiten, negu gorria iristean, arazoak izango genituela ikastetxea berotzeko. Ikasturte hasierako egunik hotzenetan nabaritu genuen lehen aldiz tenperatura baxua baina, zorionez, eguraldiaren hobekuntzak bukaera eman zion muturreko egoerari eta hotzari aurre egitea lortu genuen”, azaldu dute.
Hala ere, Gabonetatik itzuli ziren lehen egunetik egin du egoerak “nabarmen okerrera”. Are gehiago azken egun hauetako hotzarekin. Gela batzuetan, 13 eta 14 gradu erregistratu dituzte, eskolak emateko gutxienekoak 17 direnean. “Eguneroko bihurtu zaigu ikasgela zein korridoreetan ikasle eta irakasleak, txano, eskularru, beroki eta mantekin ikustea”.
Urtarrilaren 25ean, Hezkuntza Saileko teknikari bat izan zen ikastetxean, baina egoera hobetzeko hartutako erabakiak “txaplatak” dira, irakasleen ustez.
Hezkuntza Sailak “inprobisazioz” jokatzen duela salatu dute orokorrean eta, kasu honetan ere, ez dela gai izan aspalditik identifikatuta zegoen arazo bat zuzen konpontzeko.
“Konponbide iraunkor eta duin bat nahi eta merezi dugula esan nahi dugu; han eta hemen, zerbitzu publiko duinak behar eta merezi ditugun bezala, horien eraikuntzan parte hartzeko aukera izatea ere aldarrikatzen dugu”, aldarrikatu dute Ikasbidean.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!