Desalojo mehatxuari aurre eginez ospatu zuten Gaztaetxearen I.urteurrena
Urtarrileko azken asteburuan Izarrako Gaztaetxearen I. urteurrena ospatu behar zuten, baina azken egunetako mugimendu judizialak medio, zenbait ekintza herrira bideratu behar izan zituzten Urkabustaizko gazteek. Helburu bikoitza zuen mugimendu honek: ekintzak ziurtatzea eta arazoa plazaratzea.
Ostiraleko txirrindula martxarekin eman zioten hasiera urteurrenari: “Frantziako tourraren parekoa izan zen eta han egon ginenak ez dugu ahaztuko”, adierazi diote Hala Bediri Gaztaetxeko kideek. Herrian zentratu zen ostiraleko gaiontzeko egitaraua, herriko olatzek irabaziz pintxo lehiaketa.
Larunbateko puntu nagusietako bat Kultur Etxean ospatutako okupazio esperientzia ezberdinen mahaingurua izan zen. Tosu Betirako, Gasteizko Gaztetxea, Errekaleor, Bilboko esperientzia ezberdinak, Basauriko Txarraska Gaztetxea eta Igelzulo Gaztetxea egon ziren presente bertan. Hiru ardatz nagusi jorratu zituzten hizlariek:
- “Okupazioa zergatik eta zertarako?”. Espazioen askapenaz aparte, okupazioa norbanako eta talde autonomia indartzeko modu bezala nola ulertzen duten azaldu zuten.
- “Okupazioa eta gizartea”. Taldeek haien ibilbidean zehar izandako elkarte, kolektibo edo eragileen elkartasun esperientziak azaldu zituzten.
- “Okupazioa, desalojoak eta erresistentziak”. Desalojo mehatxupean edo desalojoa sufritutako taldeek euren erresistentzia ereduak elkarbanatu zituzten. Nola antolatu? Nola egin aurre desalojoari? Galdera hauei erantzuna eman zieten bertaratutakoek.
BekoIturrin bazkaldu behar izan zuten partaideek, bere garaian herriko Gaztetxea izandakoa. Menuari dagokionez, apostu begetarianoa egin zuten aurtengoan.
Eider Perezek eta Ane Zubeldiak Autobiographikal poesia lana plazaratu zuten arratsaldean. Emakume askoren poesiak uztartu zituzten eta poesiak antzeztuz bizitasunez josten zituzten banan banan eskenografia, musika eta ahozkera uztartuz.
Baina Gaztaetxean ere sartu beharra zegoen. Eta hala egin zuten gauean: bertan izan ziren gaueko kontzertuak. Desalojoaren berririk ez zutenez erabaki zuten bertan sartzea, aste osoan aukera hori izango zuten ala ez dudatan ibili ostean.
Gaztaetxeko kideek eskerrak eman dizkiete Izarrara hurbildu ziren herritar eta gazte guztiei: “Horrelako egun gehiago bizi nahi ditugu Izarran edo edonon”.
Desalojo mehatxua presente
Epaiak ez du atzera bueltarik. Orain dela urtebete Izarrako San Vicente kalean okupatutako eraikina husteko behin betiko agindua jaso zuten pasa den ostiralean Gaztaetxe proiektuko bultzatzaileek, eta, hortaz, ohartarazi dute une batetik bestera heldu daitekeela kaleratzea.
Iazko Gabonetan okupatu zuen gazte talde batek garai batean gaztandegia izandako eta aspalditik hutsik zegoen eraikina; aurretik Ostuñon zeuden, Urkabustaizko Udalaren jabetzaren lokal batean. Barrualdean oinarrizko txukuntze lanak egin eta apurtuta zeuden leihoak konpondu ostean, inauteriak aitzakia hartuta, otsaila amaieran inauguratu zuten, Gaztaetxea izenarekin.
Ordutik hona lokala atontzen eta askotariko proiektuak eta ekintzak martxan jartzen ibili dira; esaterako, paretetan hainbat horma-irudi margotu dituzte. Urkarock eta Gazte Egunaren bueltan prestatutako hainbat ekimen ere bertan egin ziren, eta udan partean zinema herrikoia antolatu zuten. Horrez gain, herritarren ekarpenei esker, liburutegia sortu dute, eta baita haurtzaindegia ere. Aurrera begira ere, hainbat proiektu dituzte esku artean; baina, esan bezala, epaia dela-eta mehatxupean daude.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!