Cantoblancoko parke eolikoaren aurka agertu dira Artatza eta Axkoeta herriak
Artatza eta Axkoeta (Erribera Goitia) herriek ohar batez jakinarazi dute “ezetza” eman diote Eusko Jaurlaritzak Cantoblanco Mendian (Añanan) egin nahi duen parke eolikoaren proiektuari. Batzar Nagusietan aho batez adostutakoaren arabera, herrietako edo inguruetako lurretan (Cantoblanco kasu) parke eolikoaren proiekturik ez onartzeko erabakia indarrean dago eta Herri Batzarrean berretsi dute.
Arkamu mendilerroko parke eolikoa Eusko Jaurlaritzak bertan behera uztearen arrazoi berberak argudiatu dituzte, “Eusko Jaurlaritzak aurrekoan onartu eta aitortu behar izan zituenak”: auzotartasunean, biodibertsitatean, faunan eta floran, eta oreka ekologikoan eragingo lukeen kalte izugarria, “hamaika erakunde administratibok, sozialek, politikarik eta abarrek azaldu duten bezala”.
Inguruko herrietako batzarrei “norabide berean” urratsak emateko gonbita luzatu diete, “gure instituzioen gainetik inposatu nahi dituzten erabakiak materializatu aurretik”. Era berean, galdegin diete parke eolikoen instalazioen arduradun politiko eta administratiboei entzun eta errespeta dezatela “zuzenean eragiten dieten pertsonen, lurraren faunaren, floraren ahotsa”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!