BiZINEtza, Zinemari, bizikidetza eta kultuartekotasunaren inguruko proiektua aurkeztu du Cear-Euskadi elkarteak
Euskadiko Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordeak (CEAR-Euskadi) “BIZINEtza” izeneko webgunea argitaratu berri du, asiloa, migrazioak eta kulturen arteko bizikidetza gaiak jorratzen dituzten filmeak biltzen dituena.
Rosabel Argotek, Intzidentzia taldeko kideak eta webgunearen koordinatzaileak dioenez, “BiZINEtza zinemari buruzko gunea da, bizilagun migratzaile eta errefuxiatuak irudikatzen dituzten filmei buruzkoa. Erlauntza komunitario baten antzekoa da, non kultura ezberdinetako ahotsak biltzen garen zinemaren hizkuntza erabiliz hitz egiteko. Errefuxiatuez hitz egiten dugu, diskriminazioa eta xenofobia sustatzen duten gorroto-diskurtso eta usteak desmuntatzen dituzten ikuspuntuak eta istorioak bilatuz, narrazio zinematografikoetan. BiZINEtzan, filmen banakako fitxen bidez, zinemak aztoratu, kuestionatu eta mobilizatu egiten gaitu arrazismoaren aurka eta kulturarteko (elkar)bizitzaren alde”.
Pelikula bakoitzeko zine kritika bat landu da, filme horren gakorik garrantzitsuenak biltzen dituena. Kritika hauetariko batzuetan, filmearen inguruko elkarrizketak biltzen dituen podcast-a entzun daiteke. Proiektu honek Hala Bediren laguntza izan du eta gure estudioetan grabatu dituzte hainbat elkarrizketa.
BIZINEtzan topatu ditzakegun pelikulak, telesailak eta dokumentalak honako gaiak jorratzen dituzte: Jatorrizko herrialdean pairatutako jazarpena, migrazioak, asilo-eskaera prozesua, bidaia, mugak gurutzatzea, diskriminazioa, arrazismoa eta xenofobia eta harrera-gizartea, beste batzuen artean.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!