Bira Zapatista Euskal Herrira iritsi da eta hilabete amaieran izango da Araban
Atzo lurreratu zen Bira Zapatistako delegazioa Euskal Herrian eta Araban ere izango ditugu, azaroaren azken asteetan. Biraren harrera antolatzeko prozesua korapilatsua izan den arren, itxaropentsu daude Euskal Herrian lanean ibili diren kideak.
Urtebete baino gehiago igaro da Euskal Herriko hainbat kolektibo eta erakundek gonbidapena jaso zutenetik: EZLN munduko bost kontinenteak zeharkatuko dituen Bizitzaren Aldeko Bira antolatzen hastear zen, eta gure lurraldean harrera egingo zion lantalde bat xerkatzen zuen. Aldi berean, “Sexta Parte. Una montaña en Alta Mar” izeneko komunikatua egin zuten publiko zapatistek, eta albiste bilakatu zen EZLN-ko hainbat ordezkaritza Europara etortzekoak zirela.
Covid-19ak eragindako pandemiaren eta konfinamenduaren osteko garai ilunetan “itxaropen-injekzio” bezala hartu zuten berria Euskal Herrian: “beheko eta ezkerreko borrokei bizia emateko irekitzen ari zen aukera ikusi genuen; ez zen kasualitatea izan, hain zuzen ere, egunero Europako eta Munduko albistegiek hildakoen zifrekin irekitzen zuten une horretan zapatistek putzua zeharkatuko zutela bizitzaren alde borrokatzeko”. Deialdiari erantzunez, beraz, koordinakunde bat sortu zuten Euskal Herriko zazpi lurraldeetako hainbat kidek, eta marko horretan ari dira antolatzen ordutik.
Lehen komunikatu haren atzetik, beste bost iritsi zitzaizkien. Lehenak “helmuga” edo helburua proposatu bazuen, gainontzekoetan horra iristeko egin beharreko bidea azaldu nahi zuten, baita une horretako testuingurua zein zuten ere. Horregatik argitaratu zen “Primera Parte. Una declaración por la vida” komunikatua 2021eko urtarrilaren 1ean, Chiapaseko altxamendu zapatistaren urteurrenean, zeharkaldia gauzatzeko lan egiteko prest zeuden ehundaka eragilek sinatua.
Antolakuntza, erronkak eta irakaspenak
Harrera prestatzeko lanean aritu dira ordutik, eta ez da lan erraza izan, antolatzaileen hitzetan. Izan ere, “konplexua” izan da Europa mailan antolatzea, aurretiazko sare funtzionalik ez zela eta maila horretan antolatzeko ohitura falta nabaria dela kontuan izanda. Hala ere, saiakerak fruituak eman ditu eta “itxoropentsu” daude egindako ahaleginarekin. Gainera, irakaspen bezala ikusi dute beste lurraldeekin lan egiten ikasteko beharraz ohartzea, aurrerantzean.
Zapatisten mezua
Azken batean, Zapatistek dakarten mezua Europako herri guztiei zuzendua da, Bira Zapatista antolatzen ari diren kideen arabera. Batetik, herri indigenak bizirik daudela gogoraraztera datoz, ez zirela konkistatuak eta garaituak izan. Bestalde, Europa berresanguratzeko asmoa ere badute, “gure etorkizuna berridatzi ahal izateko iragana berradieraz dezagun”. Horregatik, Slumil K´ajxemk´op deitu diote kontinenteari, “lurralde intsumisoa” edo “amore ematen ez duena”.
Aukera bat elkarrekin “entzun eta hitz” egiteko
Txiapasen bezala Euskal Herrian “behetik eta ezkerretik” borrokan diharduten eta antolatuta dauden kideak elkartu eta leku bateko eta besteko ideiak, ezagutzak eta esperientziak elkarbanatzea da egonaldiaren helburu behinena. Ez da bilatuko, beraz, inolako “ikuskizun” mediatikorik.
Aitzitik, pertsona horiek elkarrekin egon, elkarri entzun eta hitz egiteko konfiantzazko espazioak antolatuko dira. Euskal Herriko makina bat txokotan, 100 kolektibo baino gehiagorekin bilduko dira zapatistak, ateak itxita.
Zapatistak Araban
EZLN-ren “La Extémporanea” ordezkaritza Araban izango da azaroaren 18tik 30era bitartean. Bi herrien arteko topaketa honek berriro indarra hartzen lagunduko digula espero dute harrera antolatzen ari diren lantaldeek, erresistentzian jarraitzeko, haserrea ilusio bilakatzeko, desmerkantilizazioaren bidean pausuak emateko eta bizitzaren aldeko borrokan jarraitzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!