Bigarren greba eguna egingo dute abenduaren 14an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskola publikoetan
Hezkuntza Legearen aurreproiektuarekiko desadostasuna agertu eta hezkuntzako langileei abenduaren 14ko greba eta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzeko, elkarretaratzea egin zuten sindikatuek Gasteizko Legebiltzarraren aurrean atzo, abenduak 12.
LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek deituta, greba egin zuten azaroak 30ean Araba, Bizkaia eta Gizpuzkoako unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Legearen aurreproiektuarekin aurrera egiteko asmoa du eta alde ditu Legebiltzarreko alderdi gehienak. Ez, ordea, sindikatu guztiak.
Orain, bigarren lanuzte eguna egingo dute bihar, abenduak 14.
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea: “Ez dira kontuan hartu alor horretan gehiengoa duten hezkuntza-eragileak eta sindikatuak”
Hala Bedi Irratiko Suela La Olla magazinean egindako elkarrizketa honetan, Euskal Eskola Publikoko guraso eta irakasle den Manolok luze jardun zuen gurekin euskal eskola publikoaren egoeraz eta Hezkuntza Lege berriaz.
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kide honek salatu duenez, EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek adostutako lege berria garatzeko, ez dira kontuan hartu alor horretan gehiengoa duten hezkuntza-eragileak eta sindikatuak.
Gainera, lege horrek eskola-segregazioaren arazoan duen eragin negatiboa aztertu du eta, azaldu duenez, «zuzeneko korrelazioa dago eskola-segregazioaren eta sare pribatuaren presentziaren artean». Fenomeno hori ia ez omen da existitzen eskola publikoa gehiengoa den herrialdeetan.
ELA, LAB eta STEILASen grebarako deia, lege berriaren aurreproiektuaren aurka
Greba deitu duten sindikatuek, haien aldetik, Hezkuntza Lege berriaren aurreproiektua arbuiatu dute, besteak beste, uste dutelako eskola publikoa lehenetsi beharko lukeela legeak, segregazioari aurre egin eta publifikazio marko edo araudi bat adostu. Gainera, Jaurlaritzari egotzi diote langileen hitza kontuan hartu gabe idatzi duela legea.
Irakasle, Haurreskolak Partzuergoko langile, eskoletako hezitzaile eta hezkuntza saileko sukaldari eta garbitzaileak daude grebara deituta: LAB, STEILAS eta ELAk esan dutenez, %60koa izan zen bataz besteko jarraipena azaroaren 30ean.
«Hori horrela argi gelditzen da hezkuntza komunitatearen parte zabala den langileriak bat egiten duela gure irakurketarekin; alegia, lege-aurreproiektuaren zirriborroak, egungo hezkuntza-eredu duala betikotu eta gainditze bidean jartzen ez duela. Beraz, borrokatzen jarraituko dugu sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea lortzeko, sare publikoa baita aukera-berdintasuna, kohesio soziala eta euskalduntze prozesua bermatu behar dituena», azaldu zuten orduan hiru sindikatuek.
Hamar puntutan sintetizatu dituzte Hezkuntza Legearen aurreproiektuarekin kritikoak diren sindikatuek haien aldarrikapenak:
1.- Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea nahi dugu.
2- Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen hezkuntza legea nahi dugu.
3.- Publifikazio-marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea nahi dugu.
4.- Hezkuntza lege propioa nahi dugu.
5.- Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza legea nahi dugu.
6.- Euskara erdigunean jarriko duen Hezkuntza legea nahi dugu.
7.- Betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen Hezkuntza legea nahi dugu.
8.- Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen
legea nahi dugu.
9.- Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza
legea nahi dugu.
10.- Hezkuntza lege parte-hartzailea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!