Gaixotasun baja hartzeagatik 2 emakume langileren kaleratzea salatu dute PRIMARKen
PRIMARKek 2 emakume langile kaleratu ditu gaixotasun baja hartzeagatik. Izan ere, multinazionaleko Giza Baliabideen arduraduna den Enrique Galegoren hitzak hauek izan ziren: «Estoy hasta los cojones de las que se cogen bajas, me las voy a cargar a todas». LAB sindikatuak enpresa honetan langileek bizi duten egoera prekarioa eta azken gertakari hau salatzeko ekimena burutu du Gasteizko Boulevard merkatal zentroan.
LAB sindikatuaren arabera, PRIMARKeko langileek «kaleratuak izateko arrisku bizia pairatzen dute baja hartzen badute», eta hori prekarietatearen aurpegi bat baino ez da, eskubideen aldarrikapena eta askatasun sindikala ere mugatzen baititu enpresak. Gainera, «protestatu gabe men egiten ez duten langileen» kontrako jazarpena ere salatu du sindikatuak, langile hauentzat gordetzen baititu PRIMARKek posturik txarrenak eta opor egunak hartzeko trabak. Madrilen CCOO, UGT eta FETICO sindikatuek sinatutako hitzarmen bat aplikatzen da multinazionalean, Arabako Ehungintzaren Merkataritzako Hitzarmen Kolektiboa baino «kaxkarragoa», sindikatuaren arabera.
Azkenik, langile hauen kaleratzea kasualitatea ez dela uste du LAB sindikatuak. Izan ere, enpresa komitearen azken txanpan, hau da, hauteskunde sindikal berrien atarian, aurreko hauteskundeetan LABeko hautagaitza bultzatu zuten langile hauek kaleratu ditu enpresak, konfrontazioa eta borroka sindikala «komitean sartzeko arriskua ez duelako hartu nahi», askatasun sindikalerako eskubidea urratuz.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!