“Bi arnas” dokumentala eman eta egileekin solasaldia egingo dute Errekaleorren
Iratxe Sorzabal presoa eta haren ama Mari Nieves Diaz ditu protagonista dokumentalak, eta Sorzabalek atxiloaldian jasandako torturak hizpide. Ekainaren 9an, 19:00etan, Errekaleorreko Barroso zineman izango da ikusgai.
“Torturak Euskal Herrian eragindako zauria ez da itxi. Azken bost hamarkadetan tortura eta tratu txarrak sufritu dituzten euskal herritarrak milaka zenbatu daitezke, nahiz eta, bakan batzuk baizik ez diren ofizialki aitortuak izan. Hori gutxi ez eta asko dira torturetan oinarritutako testigantzen ondorioz preso segitzen duten euskal herritarrak”. Historio horiek guztiak lau haizetara zabaltzeak duen garrantziaz jakitun, “aletxoa” jarri nahi izan dute “Bi arnas” filmaren egileek.
Iratxe Sorzabal eta haren ama Mari Nieves Diaz protagonista dituela, Euskal Herrian erabilitako tortura sistematikoak sortutako errealitatean sakontzen duen dokumentala da. Maiatzean estreinatu zen eta, oraingoan, Errekaleor Auzo Askera ekarriko dute. Ekainaren 9an, arratsaldeko 19:00etan emango dute Barroso zineman, eta egileekin solasteko beta izango da.
Sorzabalaen kasuaz gain, beste ahots batzuk ere jaso dituzte dokumentalean: Nekane Txapartegi, Sorzabalen garai beretsuan torturatua hori ere, Paco Etxeberria forentsea eta Serge Portelli epailearen lekukotzek osatzen dute ama-alaba protagonisten kontakizuna.
Iratxe Sorzabalek, preso denez, ezin izan du zuzenean parte hartu. Hiru aldiz ageri da dokumentalean: 2001ean egin zioten elkarrizketa batean, exiliatua zela; antzezlan baterako idatzitako errelato metaforiko baten bidez; eta Madrilen egindako deklarazioetan, 24 urteko kartzela zigorra ezarri zion tribunalean.
“Bi arnas” dokumentala
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!