Bertan behera utzi dute Zabalganako familiaren etxegabetze prozesua
Kaleratzea urtarrilaren 23an izango zen baina Gasteizko epaitegi batek bertan behera utzi du hau, arrazoia emanez Kaleratzeak Stop! elkartearen salaketari. Tutoretzapeko etxe pribatua eskainiko dio Udalak familiari.
Urtarrilaren 23an, asteartean, Vitalquilerrek Mawa, Mohamed eta euren lau seme-alabak kaleratzeko asmoa zuen. Kaleratzeak Stop! elkarteak salaketa jarri zuen elkarte honen aurka. Izan ere, familiak ez du diru-laguntzarik jasotzen eta euren diru-iturri bakarra Mayaren 760€-ko soldata da. Mohamed, aldiz, gaixorik dago: depresioa dauka eta hala erakusten du Osakidetzako informe batek. Alokairua 525€-koa da: kontuek ez dute ematen.
Kaleratzeak Stop Arabak kaleratzea bertan behera uzteko eskaera aurkeztu zuen eta arrazoia eman diote orain epaitegiek.
Vitalquilerrek familia salatu zuen 2016ko uztailean 2.603€-ko zorra izateagatik. Lehenengo kaleratze saiakera bertan behera gelditu zen, eta ‘abisu’ horren ostean familia zorra ordaintzen hasi zen, gutxinaka-gutxinaka.
Inmobiliariak ez zuen familiak eskatutako luzapena onartu eta kaleratze prozesua martxan jarri zuen berriz. Arrazoietako bat, banketxeen babesik ez zutela zen, alegia, ez zutela banketxe bakar baten abala jasoko.
Azken orduetan jakin denez, Gasteizko Udalak tutoretzapeko etxe pribatua eskainiko dio Udalak familiari. Ez dute alokatzeko etxebizitzarik lortu, baina pisuan jarraitzeko aukera izango du familiak, Udalak adierazi duenez. Hori dela eta, Kaleratzeak Stop Araba!-k iragarrita zuen elkarretaratzea bertan behera geratu da.
Kaleratzeak Stop Arabak gogor egin zuen Gasteizko Udalaren aurka aurreko astean. “Zergatik ez dizkiete Gasteizko etxe hutsak familia hauei eskaintzen?”, galdetu zuen elkarteak.
2017an Araban 197 familia kaleratu zituzten, 2016an baino gehiago. Soldata baxuak eta pobrezia dira arrazoi nagusiak, kaleratzeen aurkako elkarteak salatu zuenez.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!