Belaunaldiarteko eguna ospatuko dute Txagorritxun
Zu baino 50 urte nagusiagoa den pertsona batekin zunba dantzatu duzu? Zure bilobaren adinekoei garaiko jolasak erakutsi nahi dizkiezu haiek zuri Instagram nola erabiltzen den erakusten dizuten bitartean? Ez dira hain kasu irrealak, izan ere, Txagorritxuko hainbat eragilek bultzatuta, belaunaldiarteko eguna ospatuko dute datorren maiatzaren 24an.
Luis Dorao eta Abendaño Ikastetxeek, Txagorritxuko Nagusien Zentro Soziokulturalak, Ikastetxetik Auzorak, 12 Nubesek eta Kalez Kale eta Etxegorri Auzo Elkarteek antolatuta, auzoko gune bat eurena egingo dute maiatzaren 24ko arratsaldean “auzoa gu guztiona dela aldarrikatzeko, adin tarte desberdineko pertsonona, inor bere adina dela medio alde batera geratu gabe”. Hortik izena, ADINztasuna, adinaren aniztasunari erreferentzia eginez, adin tarte desberdinak erdigunera ekartzeko asmoarekin.
ADINztasunaren egunari arratsaldeko bostak pasatxo emango diote hasiera plazan bertan hizlariek dinamizatuta, Nagusien Zentroko kideek prestatutako Zunba erakustaldiaren bidez. Momentu horretan bertan, harrera postua martxan jarriko dute eta bertan pegatinak egongo dira, bakoitzak bere adina jartzeko.
Halaber, fruta pintxoak egiteko, aurpegia margotzeko edota makilatzeko guneak, Photocall intergenerazionala eta txapak egiteko tailerra ere egongo dira. Azken honetan, adin ezberdinetako emakumeen irudiak egongo dira aukeran eta alboan haien bizitza istorioa azalduta egongo da, historian zehar adin desberdineko emakumeak ere zentrora ekarriz.
Egitaraua osorik
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!