Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko kanpainaren erdia igarota, sinadura bilketaren balantzea egin dute
Joan den irailean hasi zuten Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko Legegintzako Herri Ekimena. Sinadura bilketa kanpainaren erdia eginda, aukeratutako ekintza-bidea "egokia izan dela" berretsi dute.
Joan den irailean hasi zuten Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko Legegintzako Herri Ekimena. Gaur, azaroak 22, sinadura bilketaren epearen erdia igarota, prentsaurrekoak egin dituzte Gasteizen, Bilbon eta Donostian, kanpainaren balorazioa egiteko.
Bultzatzaileek azaldu dutenez, kanpainaren hasierako bi hilabete hauetan, herritarrek Oinarrizko Errenta Baldintzagabearen proposamena ezagutzea izan dute lehentasuna. Mahai-inguru eta hitzaldiak egin dituzte “esperientziak informatu, eztabaidatu eta partekatzeko” eta “50.000 triptiko baino gehiago” banatu dituzte.
Gaur-gaurkoz 7.500 sinadura inguru bildu dituztela jakinarazi dute, horietatik 2.000 elektronikoak eta 5.500 paperean. Proposamenak aurrera jarraitzeko beharrezko 10.000 sinadurak lortzeko gutxi falta zaien arren, “ahalik eta sinadura gehien” bildu nahi dituztela azaldu dute, “legebiltzarreko ordezkariek EAEn OEB bat ezartzeko beharra eztabaidatuko dutela bermatzeko”.
Jasotako laguntza ekonomikoari dagokionez, “poza” adierazi dute, “helburu guztiak” bete dituztelako. Crowdfunding edo mikromezenasgo kanpaina batekin ia 12.000 € lortu dituzte, kanpaina informatiboa sostengatzeko.
Oro har, aukeratutako ekintza-bidea, Legegintzako Herri Ekimena, “egokia izan dela” deritzote: “hasitako bidean pertsonen eta erakundeen arteko harreman-sare bat eraikitzea lortu dugu, aberasgarria izaten ari dena eta OEBaren alde lan egiten jarraitzeko jarraipen desiragarri bat espero duguna”.
Azpimarratu dute, edonola ere, “garrantzitsuena” proiektuari batu zaizkion eragileen babesa izan dela; izan ere, 80 erakunde baino gehiagoren atxikimendua izan dute.
OEB “pobreziarekin amaitzeko eta pertsona guztientzako eskubideen hedapenean aurrera egiteko” tresna bat dela gogorarazi dute eta, egin duten balorazioaren arabera, “gaur egun hori lortzetik gertuago” gaudela.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!