Babesa eskatu dute Osakidetzako iruzurra salatu zutenek
“Salatu nahi dugunak indarra izan dezan, aurpegia eman beharrean ikusi dugu gure burua: mendekua jasaten ari gara Osakidetzako oposaketetan izandako iruzurra salatu genuelako”, adierazi dute Roberto Sánchez eta Marta Machok. Eldiario.es hedabideak eman du honen berri.
Gorka Peñagarikano | Argia.eus bidez
Debagoienako ospitaleko anestesistak dira Sánchez eta Macho, eta iazko ekaineko azterketan irregulartasunak izan zirela salatu zuten. Osakidetzako “traidoreak” direla esan dute: “Denak jakitun ziren zerbait zabaldu genuen; Osakidetza ‘saldu’ dugu”. Gogotik ordaindu dutela diote, eta orduz geroztik ez dituztela begi onez ikusten: “Goi-karguek ez gintuztela ikusi ere egin nahi esan ziguten; hori izan zen lehen erreakzioa”. Sabin Etxean “fitxatuta” zituztela ere esan zieten.
Salatzaileak ez kaleratzeko lege proiektua
Mehatxuen harira, Elkarrekin Podemos alderdiarekin bildu dira. Lege proiektu bat sortzea da helburua, salaketa egin duten langileen kontratuak babesteko eta kaleratzeak saihesteko. EH Bildu koalizioa gauza bera egiten ari da ustelkeria kasuak salatu dituztenekin –De Miguel kasua, batik bat–, eta posible da lege orokor eta bateratu bat aurkeztu eta indarrean jartzea.
Albiste hau aiaraldea.eus-ek argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu Hala Bedirara. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!