Azazetako zentral eolikoak “inpaktu larria” izango du, Aldundiak aurkeztutako txostenaren arabera
Azazetan zentral eolikoa ezartzeak "ondorio negatibo oso kaltegarriak" izango lituzke inguruko biodibertsitatean eta paisaian, Aixeindarrek aurretiaz egindako azterketak jasotzen ez zituenak.
Arabako Foru Aldundiak argitaratu berri duen txostenaren arabera, Azazetan proiektatutako parke eolikoak “inpaktu larria” eragingo du pasaia, flora, fauna eta inguru naturalean. Aldundiaren arabera, beraz, “gutxietsi” egin zituen Aixeindar enpresak aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren txostenak kalte horiek guztiak.
Aixeindar enpresa Eusko Jaurlaritzak eta Iberdrolak osatzen duten sozietate publiko-pribatua da, zentral eolikoaren proiektuaren bultzatzailea. 180 metroko zortzi generadore ezartzeko proiektua sustatu nahi du Azazetako mendietan, Bernedo, Arraia-Maeztu, Dulantzi, Iruraitz Gauna eta Donemiliagako herrietako erabilera publiko eta komunaleko lurrei eragingo dietenak.
Azpiegiturari dagokionez, besteak beste, 12,18 km-ko lurpeko ebakuazio-lineak egingo lirateke Ullibarri Jauregi eta Gereñu artean. Gereñuko azpiestaziorekin batera, guztira 11.118 metro karratu hartuko lituzteke, nekazaritzarako lurretakoak. “Berriro ere nekazariei beren bizibidea ukatzen ari gara, eta elikatzen gaituzten lurrak zementatzen eta infertilizatzen”, salatu du Rebeka Gonzalez de Alaiza, Arabako Mendiak Aske plataformako bozeramaileak.
Horretaz gain, Gereñuko azpiestaziotik Zuazolakora goi-tentsioko linea egingo lukete. Horrek, besteak beste, Aldaiako Mendiei eragingo die; eremu horretarako Baliabide Naturalen Ordenaziorako Plan bat dagoen arren, ez baitute kontuan hartu, Gonzalez de Alaizaren arabera. Interes handiko korredore ekologikoa da Aldaiakoa, Pasaia Berezi eta Bikainen Katalogoan jasoa.
Foru Aldundiko teknikarien txostena
Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Saileko Ingurumen Iraunkortasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzu Teknikoek berriki atera duen txostenean azpiegitura guzti horiek eragingo luketen “kaltea” jaso dute, hiru multzo nagusitan banatuta: landaredia eta habitata, hegazti-fauna eta saguzarrak eta paisaiaren gaineko ondorioak. Guztietan ere, “ondorio negatibo oso garrantzitsuak” izango lituzkeela argudiatu dute teknikariek.
Aixeindarren aurretiazko azterketa
Aixeindar enpresa sustatzaileak aurretiaz egin zuen azterketak ez zituen kalte horiek guztiak kontenplatzen. Gonzalez de Alaizak azaldu duenez, Aixeindarren azterketak ez zituen haintzat hartu zentral eolikoak flora, fauna eta paisaiarengan izango lukeen eragina, ezta inguruko herrietako biztanleengan izango lukeena ere, kontaminazio akustikoari eta ondare historiko-arkitektonikoaren kontserbazioari dagokioenan.
Besteak beste, ez zuten inguruaren inspekzio botanikorik egin, habitat zaurgarriak modu iraunkorrean okupatuko diren arren, eta ez zituen aipatzen saguzar eta hegazti espezie askori egingo liekeen kaltea (dela espezie babestuen habiagintzako area bat okupatuko duelako, dela ibilbide migratorio bat oztopatzen duelako).
Arkamu eta Iturrieta
Duela hilabete eskas jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak ez zuela baimenik emango Arkamu eta Iturrietako parke eolikoekin aurrera egiteko, ingurumen-baldintzak betetzen ez zituztela eta. Aurreikusitakoen artean handienak ziren bi proiektu horiek. Kasu horretan, Arabako Foru Aldundiak alegazioak aurkeztu zituen bi parkeen kontra, animaliei eta paisaiari eragin ziezaieketen kalteengatik. Foru Aldundiko teknikarien txostenak erabakigarriak izan ziren Eusko Jaurlaritzak atzera egiteko.
Balorazioak
Gauzak horrela, Arabako Mendiak Askeko bozeramaileak azaldu du “landa eremuari eta naturari eragindako kalte oro biodibertsitatearen aurkako erasoa dela”. Gogorarazi nahi izan du inguruko herriek “ezezkoa” eman dietela proiektu horiei, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak oposiziorik ez zegoela esan bazuen ere. Salatu du, gainera, jardun honek administrazioaren eta etekin ekonomiko propioa soilik bilatzen duten enpresen arteko adostasuna erakusten dutela.
EH Bilduk, bere aldetik, Ramiro Gonzalezen agerraldia eskatu du, Foru Aldundiaren txostenean jasotakoei buruzko azalpenak eman ditzan eta parkea bideragarritzat jotzen duen argitu dezan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!