Auzolana Pilotalekua, 10 urte txapa ematen
10 urte bete dira Gasteizko Alde Zaharreko zenbait norbanako eta eragilek pilotalekua okupatzea lortu zutenetik. Azkenengo urteak korapilatsuak izan diren arren, hasierako filosofiak aurrera darrai, autogestioa oinarri izanik.
2008ko uztailean Auzolana pilotalekua jaio zen, hilabeteetako prozesu baten ondorioz. Auzoan elkar-topaketarako espazio publikoen beharra zutenez, eta pilotalekua utzikeriagatik urteak itxita zeramatzala jakitun, Alde Zaharreko hainbat kolektibo eta pertsona elkartu egin ziren (Eskolako Gurasoen Elkartea, Gaztetxea, Gao Lacho Drom Elkartea, Egin Ayllu…). Auzolanean birgaitze lanak egin, informazioa zabaldu, eta okupatutako frontoia auzorako eta hirirako berreskuratu zuten orduan.
Okupatutako frontoiak 10 urte bete ditu autogestioa oinarri, beti egonez den auzoari eta herri mugimenduari zabalik. Era berean, auzoak eta herri mugimenduak berea egin dute Auzolana, erabilera ezberdinek etengabe erakutsi duten moduan: bazkariak, txapelketak, ekitaldiak…
Eta obrak. Izenak dioen bezala, auzolanean eta auzo guztiari irekita egokitu dute frontoia etengabe, hau margotuz, zituen “zauriak” zainduz eta gune ezberdinak etengabe egokituz. Prozesu guztian zehar, auzoko eragile eta norbanako ezberdinek erabaili dute hau etengabe, Goianeko umeetatik hasita astero pala partidua jokatzera hurbildu direnera arte.
Azken urteak, korapilatsuenak
Desalojo eta eraisketa mehatxu handiena 2016ko uztailaren 15ean jaso zuten, udal-gobernuak Gasteiz Antzokia Auzolana pilotalekuak hartzen duen espazioan eraikitzeko asmoa zuela jakin zutenean. Pilotalekua eraitsiko behar zuten horretarako. Komunikabideen bitartez jaso zuten mehatxuari urgentziazko erantzun bat eman zioten orduan, argazki masibo batekin erantzunez, eragile ezberdinen espresioekin.
Asanbladako kideek hasieratika dierazi zuten ez ziotela “ez hankarik ez bururik ikusten proiektu berri bat eraikitzeari jada martxan dagoen beste baten kaltetan, eta bi proiektuentzako espazio nahikoa bazela hirian”. Haien “betiko lanean, egiteko moduetan eta kokalekuan jarraitzeko asmoa” agertu zuten.
Txapa Ahotsa asanbladako kideak inplikatutako pertsona eta talde guztiekin hitz egingo zutela jakinarazi zuten, iritziak elkartrukatzeko asmoz. Hala egin zuten, ondorioak auzokideekin, auzogintzakoekin eta euskalgintzako lagunekin amankomunean jarriz.
Proiektuarekiko atxikimendu estutik batzuek, errespetu hutsetik besteek, baina denek ulertu zuten Antzokia ezin dela frontoia eraitsita eraiki. Lazarraga Elkarteak bere iritzia jakinarazi zuen, baina udal-gobernuari eskatu zion Auzolana pilotalekuak okupatzen duen espazioa proiektutik kanpo geratzea, inongo eraginik ez izateko.
Hilabeteen edo urteen ostean, frontoiak eraiste mehatxua ez da guztiz desagertu baina ez dago egoera larrian. Kafe antzokiari dagokionez, badirudi legealdi hau amaitu arte ez dituela obrak hasiko Gorka Urtaranen gobernuak.
Oztopoak-oztopo, Auzolana pilotalekuak eraikina defendatzeaz gain, bere filosofia mantendu du hamarkada honetan zehar. Ekainaren 23an, Zaharraz Harroko jaien aurretik eta urteurrena aitzaki, 10 urteak ospatzeko eguna antolatu dute pilotalekuan bertan. 12:00etan hasiko dute eguna umeentzako jolasekin eta bazkaria egingo dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!