Auzoan emantzipatu eta bizi nahi dute Judimendiko gazteek
Judimendiko 18 eta 30 urteko gazteen artean %76a bizi da gurasoen etxean, eta horietatik hiru laurdenek emantzipatu nahi eta ezin. Etxebizitza problematika gazte ikuspegitik lantzeko dinamika berria aurkeztu du Jumendiko Gazte Asanbladak, bizi proiektuak auzoan garatzeko haututik egoera salatzeko.
Etxebizitza problematikari heldu eta gazteen ahotsa argitara ekarri nahi izan du Judimendiko Gazte Asanbladak, eta dinamika berria aurkeztu dute horretarako: Gure bizitza proiektatu, Judimendin emantzipatu!. Ez da etxebizitzaren gaia jorratzen duten lehen aldia, asanbladak hainbat urte baitaramatza askotariko lanketak egiten horren inguruan. Hala ere, egoerak okerrera egin duela ikusita, berriro ere mahai gainean jarri nahi izan dute auzia.
Auzoko gazteek emantzipatu eta bizi proiektuak garatzeko dituzten zailtasunak jaso, aztertu eta ezagutarazteko inkesta bat egin dute asanbladako kideek. Esanguratsuak dira ateratako datuak, besteak beste, arazoa bistaratzen dutelako: 18 eta 30 urteko gazteen artean %76a gurasoekin bizi da eta ehuneko horretatik %75ak emantzipatu nahi du.
Etxebizitzaren prezioa gora
Gazte Asanbladak azaldu duenez, urte gutxian 130 euro igo da alokairuaren bataz besteko prezioa. Salmentarena ere igo da, 199.321 €-koa izateraino. “Etengabeko igoera honekin nola izango da posible gure bizi proiektuak gurasoen etxetik kanpo garatzea? Auzoan egindako inkesten arabera, gurasoekin bizi direnen %93ak ezin dio aurre egin 722,5€ ko alokairuari”. Gainera, prezio altua emantzipatzeko zailtasuna izateaz gain, alokairuan bizi direnek ere arazoak izaten dituzte ordaintzeko.
Auzoa zahartzen eta 300 etxe huts
Judimendin 3059 etxebizitza daude eta horietatik 300 baino gehiago hutsik, %10a baino gehiago. Hala ere, auzoa zahartzen ari dela diote Judimendiko gazteek, 50 urtetik gorakoa baita biztanleriaren bataz besteko adina: “urteak pasa ahala auzoak egoera berdinean jarraitzen du, bataz besteko adin tartea gora eta etxe bizitzen okupazio tasa behera”. Egoera horren errudun zuzenak ere seinalatu dituzte, etekina ateratzen duten banketxe eta inmobiliariak, hain zuzen.
Gazteek auzoan bizi eta emantzipatzeko hautua
Egora horren aurrean, bizi proiektuak auzoan garatzeko hautua hartzen dutela azaldu dute Judimendiko Gazte Asanbladako kideek, eta konpromiso horretatik, etxebizitzaren problematika salatzen jarraituko dutela.
“Sarritan entzun ohi dugu gazteok ez dugula gurasoen etxetik alde egin nahi, baita lana topatzeko zailtasunak eta gogo ezak ditugula, beti gure bizkar gainean presioa jarriz. Baina nola emantzipatuko gara behin behineko lan kontratuak, soldata eskasak, bizi proiektua aurrera eramateko ezintasuna… baditugu? Bizitzaren prezioa gora doa, argindarraren prezioa, urarena, etxebizitzarena,… bizitzarako beharrezkoak diren materialen preziok gora, eta berriz gure soldatak behera. Noiz hartuko dira benetako neurriak instituzioetan etxebizitzaren prezioa erregulatzeko?”
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!