Askabide klinikak pazienteek eta langileek pairatzen duten abortuaren aurkako jazarpena salatu du Gasteizen
Askabide klinikako langileen ordezkaritza batek agerraldia egin du Gasteizko Parlamentuan, klinika horretako langileek eta bertara haurdunaldia eteteko joaten diren emakumeek bizi duten egoera azaltzeko: izan ere, abortuaren aurkako “40 días por la vida” mugimenduak mehatxu eta jazarpen kanpainak egin izan ditu Gasteiz, Bilbo eta Donostiako zentroetan.
Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean egin dute agerraldia EH Bilduren bidez. Azaldu dutenez, 2014an hasi ziren protesta esporadikoak, baina mobilizazioak «areagotu» egin ziren 2022an, abortuaren legearen erreforma onartu aurreko asteetan. Erreforma horrek jasotzen du delitua dela haurdunaldia borondatez eteteko klinika batera joaten diren emakumeen aurkako jazarpena.
Klinikako langileek azaldu dutenez, protesta horiek batez ere Gasteizko zentroari eragiten diote, eta Espainiako Estatu osoko pertsonak joaten dira. Antolatzaileek autobusak ematen omen dizkiete bertara joateko.
Abortatzeko eskubidearen aurkako jazarpena
Kontzentrazio horietan, azaldu dutenez, kliniketara joaten diren langileen eta emakumeen aurkako mehatxuak eta bigiliak egiten dituzte. Jazarpenaren adibide gisa, «hiltzaile» deitzen dietela azaldu dute eta “ordaina” jasoko dutela.
Klinikak salaketak aurkeztu dituenetan, identifikatu dituzten pertsonen «ehuneko ehunek» urruntze-agindua jaso dute eta, beraz, ezin dira hurbildu osasun-zentrotik ehun metro baino gutxiagora. Hala ere, argi dute salaketa indibidualak banan-banan jartzea ez dela aurre egiteko bide baliagarria.
Lakuako Gobernuari ardura hartzeko eskaera
Horregatik, instituzioei “laguntza” eskatu diete. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzari auzitegietan hasitako prozeduretan presente egon dadila, “erantzukizuna” duelako kliniketara jotzen duten emakumeak babesteko. Izan ere, Askabide klinikara jotzen duten emakumeen %99a Osakidetzatik bideratuta joaten dira, baieztatu dutenez.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!