Arrosa Irrati Sareko IX. topaketak egin dira Iurretan
Tailerrak eta mahai-inguruak, dokumental estreinaldia zein kontzertuak egin zituzten larunbatean Iurretako Abadetxean. Topaketa berezia izan da aurtengoa, hogei urte egin baititu Arrosa sareak.
Larunbatean egin zituzten Arrosa Irratien Sareko IX. topaketak. Egun berezia izan zen atzokoa; izan ere, Arrosaren 20. urteurrenaz gain, irrati berri baten sorrera ere ospatu zuten Iurretan elkartu zirenek: Laixiar irratiarena, hain zuzen.
Goizetik hasi ziren martxan Euskal Herriko Euskarazko irratien sareko topaketara hurbildu ziren kideak. Hasteko, hiru tailer egin zituzten Iurretako Abadetxean. Lehenengoan irratiko hizkera sexista eta arrazistari buruz hausnatu zuten; ondoren, software libreari buruz ikasi; eta, amaitzeko, zerotik egin zuten FMko emisio bat.
Tailerrak amaituta, “Irratia, podcastak, eta ondoren zer?” mahai-ingurua izan zen Goiuri Kultur Gunean. Klak eta Beranduegi podcastetako kideek eta Radixu eta Hala Bedi irratietako lagunek jardun zuten podcastaren garaiaz, nonahi eta noiznahi entzuten diren irratsaioez eta zuzenekoaren xarmaz eta garrantziaz.
Abadetxean elkarrekin bazkaldu ondoren, irratien artean zatika osatutako irrati nobelarekin girotu zuten bazkalostea.
Arratsaldean, Arrosa Irratien Sarearen 20. urteurrena ospatzeko egiten ari diren dokumentalaren lehen emanaldia egin zuten. Arrosaren sorrera eta ibilbidea ditu dokumentalak ardatz.
Egunari amaiera emateko, Haatik eta Baske Street Boys taldeen kontzertuak izan ziren Iurretako Abadetxean.
Dena prest Iurretako @abadetxea_ Gaztetxean @arrosasarea-ren IX. Topaketei hasiera emateko!!!
#Arrosak20Urte#UhinakUztartzen pic.twitter.com/zZvo5FneNf
— Arrosa Irrati Sarea (@arrosasarea) November 6, 2021
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!