Arrakastatsua izan da Martxoak 3 filman parte hartzeko kastinga
1000 pertsona inguru pasa ziren igandean estra izateko kastingetik. Ekoizleek adierazi dutenez, pelikulan modu batean edo bestean parte hartzeko aukera gehiago izango dira.
Martxoaren 3a gogora ekarriko duen pelikula hasiko dira grabatzen datozen hilabeteetan, baina hori baino lehen, taldea osatzeko gasteiztarren beharra zutela adierazi zuten ekoizleek. Erantzun borobila izan zuen deialdiak irailaren 3an: 1000 lagun inguru pasa ziren kastinga egiteko gunetik, memoria historikoan euren aletxoa jarri nahian.
Izan ere, pelikula guztiek bezala, Victor Cabacok zuzenduko duen film honek ere estren beharra izango du. Guztira, 600 estren beharra bazuten ere, aurreikuspenak gainditu zituzten. Asanbladak, manifestazioak, lantegietako batzarrak… irudikatu nahi dituzte horrela. Urriaren 9an hasiko dira filma grabatzen eta ahalik eta errealena izateko, gertaeren leku originaletan hasiko dira lanean.
Antolatzaileek adierazi dutenez, pelikulan parte hartzeko aukera gehiago egongo dira eta epe motzera emango dute honen berri. Modu batean edo bestean, beraz, pelikulako parte izan ahalko dira gasteiztar gehiago.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!