Arkillos 10-eko bizilagunak etxegabetzeko espediente bat abiatu du Udalak
Gasteizko Udalak “ofizioz berreskuratzeko espedientea” abiarazi du Arkillos 10eko bizilagunak etxegabetu ahal izateko, Olarizuko etxebizitzekin egin zuen modu berean. Alkateak berak iragarri du.
Desalojo agindua komunikatzen dietenean, 10 eguneko epea izango dute bizilagunek helegiteak egiteko.
Arkillos 10 etxea 2010. urtean okupatu zen. Gasteizko udalaren jabetza duen eraikin historiko bat da, urteak zeramatzan abandonatuta hainbat lagunek okupatu, etxebizitza bihurtu eta bizitza eman zioten arte.
Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak astelehenean salatu zuenez, aurrekanpaina betean, Gasteizko Alde Zaharrean okupatutako 28 etxebizitzen jabetza Udalari pasa dio 21 Zabalguneak, horrela ofizioz berreskuratzeko administrazio-prozeduraren bidez, eta errazago etxegabetu ahal izateko. Izan ere, horrela, prozesua bizkortzen du eta bertan bizi diren pertsonak babesten dituen edozein berme legal ezabatzen du.
PP alderdiak eskatuta abiatu zuten prozedura eta Olarizuko etxegabetzeak gauzatzeko erabili zuten bera da.
28 etxe horietatik asko Gasteizko Etxebizitza Sindikatuarekin antolatuta daude, eta Sindikatuaren etxebizitza-sareko parte dira, «etxebizitza bat lortzeko arazo larriak» dituzten pertsonentzat. Hau da, azken urteotan larrialdiko bizitokiak izan dira.
Sindikatuak salatu duenez, «pobrezia areagotzen ari den testuinguru honetan, horrelako maniobrak egiten ari direla ikusten dugu, okupatzera behartuta daudenak kriminalizatzeko asmo argiarekin, bai mediatikoki bai juridikoki».
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!