[ARGAZKI GALERIA] Zistemaren aurrean matxinada eta harrotasuna
Gasteizko E28 koordinadorak deituta, mobilizazioa egin dute gaur Gasteizen “ZIStemaren aurrean matxinatu gaitezen. Ante vuestras violencias, nuestro orgullo” lelopean. Andra Mari Zuriaren plazan batu dira dozenaka lagun, arratsaldeko 19:00etan.
“Harrotasuna borroka da”, berretsiz hasi dute hitzartzea antolatzaileek: “Zapaltzen gaituen zistemaren aurrean antolakuntza, borroka eta matxinada; Stonewallen egin bezala zisheteronormak sortzen dituen bortizkeriaren aurrean erantzun kolektiboa“.
Mugimendu eta diskurtso errakzionarioen gorakadaren aurrean, “transmaribolloak klase langilea eta prekarioak” direla gogorarazi dute, are zaurgarriagoak, gainera, “bazterrekoak” izateagatik. Horregatik, “zuri burgesentzat sortutako “Pride”-a”, esplotazioa eta “ortzadarraz kamuflatu nahi den kapitalismoa” borrokatzeko dei egin dute.
Gogorarazi dute, gainera, zisheterosexismoa ezin da ulertu beste zapalkuntza sistemak gabe. Zentzu horretan, gogor egin dute sistema kolonial eta arrazistaren aurka. Harrera eta erregulazioa exijitu dute “beren sexu-genero disidentzia medio edota ipar-globaleko estatu eta elite kapitalisten nekropolitikek eragindako” desplazatu eta errefuxiatuentzako.
Transfobiaren gorakada ere izan dute hizpide, eta trans disidentzia aldarrikatu dute: “Zistema transgreditzen jarraituko dugu, trans autodeterminazioan sakontzen eta erasoen aurrean antolatzen eta erantzuten”.
Antolatzen eta borrokatzen jarraituko dutela aldarrikatu dute: “Urteetan zehar, zentzu guztietan, ertzetan izan garen horiek erdigunera gatoz, plazak eta kaleak hartzera gatoz, ertzak aldarrikatzera. Gure herriak, gure eskualdeak eta gure herrialdea , gure jendartea, gure egitera gatoz”.
Hala, Araban 3 talde berri sortu izana ospatu dute: Aiaraldean, Mendialdean eta Gorbeialdean, hain zuzen ere.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!