ARGAZKI GALERIA | Sindikatuek aldarrikatu dute azpikontratetako garraio sanitarioko langileei txertoa eman behar zaiela
ELA, LAB, ESK, UGT, CCOO, USO eta CNT sindikatuek salatu dute kolektiboa babesik gabe dagoela, azpikontratatzeko politikaren ondorioz.
Azpikontratatutako anbulantzietako langileek ere COVID-19aren aurkako txertoa hartu nahi dute. Hori eskatuz, elkarretaratzea egin dute goizean, Lakuako jaurlaritzaren atarian, ELA, LAB, UGT, CCOO, USO eta CNT sindikatuek deituta.
Osasun-garraioari txertoen arloan “Jaurlaritzak tratu iraingarria eta umiliagarria ematen diola” salatu eta Osasun Sailari errespetua eta berdintasunezko tratua eskatu diote, haien hitzetan “borrokaren lehen lerroan egon arren, administrazioak tratu txarra” ematen baitio. Anbulantziek, COVID-19a dela eta, egunero pertsona asko eraman eta ekartzen dutela nabarmendu dute, “sarri baldintza eskasetan eta kutsatzeko arrisku handiz”.
Beraz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako anbulantzietako 1.500 langile azpikontratatu inguru, guztirako kopuruaren %99a, daude oraindik txertoa noiz jasoko jakin gabe. Hori horrela, sektoreko sindikatuek galdegin dute teknikari sanitarioei txertoa lehenbailehen eman diezaiela, eta ohartarazi dute ez dutela administrazioaren jokabide hori onartuko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!