[ARGAZKI GALERIA] Kaleak hartu dituzte ikasleek Gasteizen ere, hezkuntza-prozesua euskaraz egiteko aukera bermatu dadila eskatzeko
Hezkuntza euskaraz izan behar da. Hori aldarrikatu dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ehundaka ikaslek, Gazte Euskaltzaleen Sarearen ekimenez. Gasteizen, Elurretatik abiatu da manifestazioa.
Euskal Herriko ikasleek ikasketak aurrera eramateko orduan topatzen duten «trabaz beteriko bidea» salatu du, batik bat, Gazte Euskaltzaleen Sareak. “Gasteizen euskaldun bezala bigarren mailako herritarrak bagara, hori areagotu egiten da gazte eta ikasle izateagatik; ikasketak osotasunean euskaraz egitea ezinezkoa dela esan daiteke, eskubide urraketa nabariak pairatzen ditugulako» azaldu dute.
Egoerari buelta emateko, «hezkuntza eremua aktibatu eta saretzeko beharra» azpimarratzen dute. Izan ere, euskaraz ikasi arren, ezinezkoa da hezkuntza prozesu osoa euskaraz egitea: “irakasle euskaldunen falta, euskarazko zerbitzu eza, euskaratu gabeko material didaktikoaren etengabeko erabilera, euskarazko ikasketen eskaintza eza… urtez urte pairatzen ditugun eskubide urraketak dira”.
Zentzu horretan, hezkuntza ereduari berari zuzendu diote kritika: «ez du funtzionatzen, ez du gure belaunaldia euskalduntzeko gaitasunik.” Arlo horretan «besoak gurutzatuta gelditzeko prest» ez daudelako deitu dute manifestazioa, hezkuntza eredu euskalduna bermatu dadila aldarrikatzeko.
Zehazki, Gazte Euskaltzaleen Sareak eta unibertsitateko euskara taldeek eskatzen dute hezkuntza prozesu osoa euskaraz bermatuko duen irakasle eta langileen kontratazioa; eduki guztiak euskaraz egotea; hezkuntza eremua euskaldundu bat, paisaia linguistiko euskaldun osoa ahalbidetuko duena; eta Euskal Herrira egokitutako hezkuntza eredua eskaintzea.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!