[ARGAZKI GALERIA] Indarkeria matxistarik gabeko bizitza aldarrikatu dute Gasteizen azaroaren 25ean
121 emakume eta 12 haur erail ditu indarkeria matxistak 2003tik Euskal Herrian datu ofizialen arabera, horietatik 5 2023an. Errealitate gordina adierazten duten datuak emanez hasi du hitzartzea Gasteizko mugimendu feministak. Indarkeria matxista, ordea, zenbaki horiek baino fenomeno askoz handiagoa dela gogorarazi dute: lehenik, datu horietatik harago askoz gehiago direlako eta, bestalde, indarkeria matxistak beste hamaika forma hartzen dituelako.
Horregatik, hitza hartu dute hainbat kolektibotako kideek. Presoen senideek hitz egin dute lehenik: “Guretzako indarkeria matxista euskal emakume preso politikoen eskubideak zein eskubide zibilak ez errespetatzea da, salbuespen egoeran mantentzea eta emakume izateagatik zigor bikoitza pairatu behar izatea”, gogorarazi dute. Neska gazteek, bestalde, azpimarratu dute zaintza lanak sozializatu beharra, komunitatea eta kolektiboa erdigunean jarriz.
Ez dute ahaztu Palestinar herriaren aurkako genozidioa. Israeleko estatu sionista egiten ari den garbiketa etnikoa feminizidioa ere badela azpimarratu dute, eta horren aurka borrokatzea borroka feminista dela. Palestinako emakumeen erakundeak goratu dituzte eta “herri-presio eraginkorra” eskatu dute erakunde eta enpresek Israelekin dituzten harremanak eten ditzaten.
Emakume pentsiodunek adineko emakumeek jasaten duten indarkeria ere ekarri dute auzitara: gehienetan, bikotekideak eragindako eraso psikologikoak eta kontrol ekonomikoa izaten da, gizartearen “isiltasun eta axolagabekeriak” ezkutatua.
Laneko esplotazioa eta indarkeria ekonomikoa, arrazista eta koloniala seinalatu dituzte etxeko langileek. Atzerritartasun Legea deitoratu dute.
Azaroaren 30ean grebarako deia
Bukatzeko, azaroaren 30eko greba feminista orokorrerako deia luzatu du mugimendu feministak, sistema kapitalistak, patriarkalak eta kolonialak sostengatzen duen zaintza erregimenari buelta eman eta zaintza sistema publiko-komunitarioa eraikitzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!