[ARGAZKI GALERIA] Euskal Herri osoko herritarrek Gasteizko kaleak bete dituzte “lurraren defentsan”
Natura benetan babestuko duen politika bat eskatu dute, "ez diona men egingo inbertitzaileen diru goseari."
Politika eredu ekosoziala aldarrikatu dute gaur Gasteizen, Euskal Herriko natur-gune eta landa eremua industrializatuko dituzten azpiegitura proiektu ezberdinen aurrean. Milatik gora lagun batu dira, euriaren mehatxu artean, Euskal Herria Bizirik Ekimenak deitutako manifestaziora.
San Anton plazatik abiatu da protesta, ohikoa bilakatu den bezala traktoreek bidea irekitzen zuten bitartean, eta Foru Plaza bete du amaiera ekitaldiak. Bertan, azpiegitura berri ugariren “eraso bortitza” salatu dute, eta inbertitzaile handiak “ingurune naturala hondatzera” datozela ohartarazi.
Trenbide proiektu eta azpiegiturak, zentral eolikoak edota fotovoltaikoak, erraustegiak, negutegi industrialak eta animaliak hazteko ustiapen intentsiboko fabrikak aipatu dituzte mehatxu gisa. Salatu dute “trantsizio energetikoa” edo “deskarbonizazioa” bezalako terminoek esanahia galtzen dutela “egungo krisi ekosoziala eragin dutenen” ahotan.
Aipatu dute energia enpresa handiek eredu berriztagarrien aldeegin izana merkatuak sortu dien aukera berria probesteko modua besterik ez dela. “Merkatuaren logikak produktuen eta energiaren kontsumo neurrigabe eta zorora” bultzatzen gaituela kritikatu dute.
Ekonomia eredua
Gaizka Otamendik, Euskal Herria Bizirik Ekimenaren bozeramaileetako batek, eredu ekonomikoa zalantzan jartzeko beharra azpimarratu du. “Eredu hau da hona ekarri gaituena”, adierazi du, eta salatu du klima larrialdia argi eta garbi kapitalismoak sortu duela.
EH Biziriketik ohartarazi dute “diru publikoa patrika pribatuetara” desbideratzeko estrategia bat izaten ari dela trantsizio energetikoaren prozesua. Kontsumoa nabarmen murriztea eta produkzio sistema berregituratzea aipatu dituzte irtenbide gisa, “produkzio sistema ondasun komunala hobetzera” bideratu behar dela esanez.
Egungo eredua inbertitzaile handien esanetara dagoela salatu dute, eta natura “benetan babestuko duen” politika eskatu dute, politika ekosoziala. Garraio sistema soziala garatuko duten politikak galdegin dituzte; eskala txikiko nekazaritza eta abeltzaintza ereduak sustengatuko dituzten politikak; energia berriztagarrien hedapena eta bioaniztasunaren kontserbazioa bateratuko dituzten politikak.
Antidemokratikoa
Administrazioaren papera gogor kritikatu dute deitzaileek, gobernutik legeak “korporazio handien interesetara egokitzen” dituztela salatu dute, eta baliabide publikoak eta espazio komunalak haien esku uzten dituztela. Tapia Legea eta Nafarroa Garaiko lege homologoa jarri dituzte horren adibidetzat, herritarrei beren lurraldeen gaineko erabakiak hartzeko aukera kentzen diela salatu dute, haien burujabetza urratzen dutela.
Gaizka Otamendik, gainera, kritikatu du Eusko Jaurlaritzak trantsizio energetikorako aurkeztutako proiektua, ekosisteman aurka dihoan plan sektorial bat izateaz aparte, “antidemokratikoa” dela. “Udalak desegin direnean eta hauteskundeak datozenean” aurkeztu izana salatu du, alegazioak sartzeko denborarik gabe. Hala Bediri aurreratu dio Otamendik epea luzatzeko eskatu eta elkarte ekologista guztien artean alegazioak sartuko dituztela.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!